10. urteurrena ospatzeko bira amaitu du 'Berria'k jai alai batekin

Iure Eizagirre 2013ko eka. 23a, 14:15

'Berria'k zenbait hilabete daramatza bere 10. urteurrena ospatzeko bira kulturala gauzatzen. Horri amaiera emateko jaia ospatu zuten atzo Andoainen, adin ezberdinetako jendearekin eta ekitaldi ezberdinekin.

Marikalanbrek eta Martinbertsok eskainitako haurrendako ikuskizuna izan zen Berriaren 10. urteurreneko festa handia ospatzeko lehen ekitaldia. Haurrak zelaian eserita, abesten eta dantzan aritu ziren. Beranduago helduek bertsolarien saioarekin gozatu zuten, pintxoak jan eta sagardoa edaten zuten bitartean.

Goizean zehar Berriako erredakzioa ezagutzeko bisita gidatuak egin ziren eta ehun pertsonek baino gehiagok jakin ahal izaten zuten egunero etxean jasotzen duten egunkariaren atzean dagoen lana. Ekitaldi nagusiaren ostean, elkarrekin bazkaldu ziren Andoainera bertaratu zirenek, eta arratsaldean Morau eta Petti bakarlarien eta Napoka Iria eta Gose taldeen kontzertuak izan ziren.

Politika eta kulturako ordezkariak

Politika eta kultura arloko zenbait ordezkarik ere hartu zuen parte atzoko jaian, Maren Belastegi Uemako lehendakariak, Paul Bilbao Kontseiluako idazkari nagusiak edo Patxi Baztarrika Hizkuntz Politikarako sailburuordeak, adibidez. Euskarazko komunikabideen ordezkari gisa GOIENAko Iban Arantzabal, Hekimeneko Alberto Barandiaran edo Argiako Estitxu Eizagirre izan ziren.

Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko lehendakariak Euskaldunon Egunkaria ekarri zuen gogora eta hura zein Berria sortu zituenak goraipatu zituen. Iban Arregi Taldeko kontseilariak egunkariak berrikuntza, eraginkortasuna, elkarlana, kalitatezko informazioa eta komunikazioa trinkotzea dituela helburu adierazi zuen.

Hemendik, zorionak Berriari Goiena Taldearen partez ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak