Uda heldu da, eguraldi ona ordea ez

Jagoba Domingo 2013ko ekainaren 21a

Gaur amaitu da udaberria, eta gezurra badirudi ere, uda hemen da. Urtaro berriaren hasiera ofiziala, gaur 7:04ean izan da. Adituen esanetan, aurtengoa egun kopuruari dagokionez, azken mendeetako udarik luzeena izango da eguraldiari dagokionez ordea ez.

93 egun eta 15 orduko iraupena izango du, hau da, irailaren 22ra arte egongo da uda gurekin. Eguraldiari dagokionez baina, egoera oso bestelakoa izango da. Askok eta askok udak negu amaiezin honi amaiera ematea nahi duten arren, iragarpena ez da batere itxaropentsua. Adituek udako eguraldi onak hilabete eta erdikoa izango dela diote, uztailean hasi eta abuztu erdialdera arte egongo da gurekin.

Euria urteko protagonista

2013 urteko errepasoa eginez gero, eguraldiari dagokionez euria izan da protagonista nagusia zalantzarik gabe. AEMET, estatuko meteorologia agentziaren datuen arabera, 162 egun hauetan, Donostia inguruan adibidez, 116 egunetan euria egin du, eta batezbestekoa eginda, hiru egunetatik bitan euria izan da protagonista.

Dagoeneko, bost hilabete eta erdi hauetan, aurreko urteetan jaso duten euri kopuru ia berdina jaso dute behatokietan. Datuek diotenez, urte hau 1913tik euritsuena izango da, eta gauzak horrela jarraituz gero, baliteke baita azken 150 urteetako izatea ere. Tenperaturei dagokienez, AEMET agentziakoak oso hotzak bezala kalifikatu dituzte, orokorrean ohikoa baino bi gradu azpitik. Guzti honek baina azalpena badu, Azores inguruan dagoen antizikloia ohi baino iparrerago dago eta horrek zirkulazio polarra deritzon fenomenoa aldatu du.

Eguraldi ona helduko da

Hala ere, udak eguraldi ona ekarriko du. Margarita Martinek, Euskadiko Aemet-eko ordezkariak, 2013ak hilabete eta erdiko uda izango duela iragarri zuen. Hala ere, epe luzerako iragarpenak egitea arriskutsua dela esan zuen, horrek zehaztasun zientifikorik ez duelako. Iragarpen hau, 1984. urteko udan oinarriturik egin dute, urte horretako datuak aurtengoekin antzekotasuna dutelako. Beraz, igerilekuez, hondartzaz edo zingirez gozatzen hasteko, aste pare bat itxaron beharko dugula dirudi, uztaila gurekin izan arte. Bitartean, urte osoan zehar bezala ibili beharko dugu, guardasola eskuetan eta begiak zerura begira, eguzkia noiz etorriko zain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak