Bailarako udaletan hipotekadunen aldeko mozioa erregistratu du Kaleratzeak Stop-ek

Leire Kortabarria 2013ko eka. 20a, 11:55

HMEI (IRPH, espainolez) hipoteka-indizearen gaineko mozioa aurkeztu du Kaleratzeak Stop plataformak Eskoriatza, Arrasate, Bergara, Antzuola, Aramaio eta Leintz Gatzagako udaletan, eta erregistratu da horietan. Bertan, udalei eskatzen diete Kutxabank presionatu dezaten HMEI indizea Euribor + 1 indizearekin ordezka dezan.

Datozen egunotan Oñatiko eta Elgetako udaletan ere erregistratuko dute mozioa.

Kaleratzeak Stop-ek salatzen du HMEI indizea dagoeneko ez dela ofiziala eta Kutxabank-ekin sinatutako hipoteka-mailegu kontratuetan esaten zela HMEI desagertzen zenean Euribor + 1 indizea erabiliko zela horren ordez. HMEI indizea ez da ofiziala 2012ko apirilaren 28a ezkero; baina, Espainiako Gobernuak ez duenez horren ordez erabiliko den indizea argitaratu, HMEI oraindik indarrean dago berau erreferentziatzat duten hipoteka-maileguetan.

Hilean 400 euroko aldea

Gaur egun, Kaleratzeak Stop-ek salatzen duen moduan, "indize hori merkatuko bigarren garestiena da". Eta, gainera, euren iritziz, "Ekonomia Ministerioaren erabakiak ez du inolako garrantzirik Kutxak HMEI-Kutxak indizearekin emandako hipoteka askoren kasuan, izan ere, Euriborra eta beste % 1 bat ezartzen dute bere klausuletan, ordezko gisa". Ordezkapen horrek arnasa ematen die "milaka familiari", izan ere, batez beste, "hileko 300 eta 400 euro artean aurrezten" dute. Baina, Kaleratzeak Stop-ek dioenez, Kutxabank-ek ez du ordezkapen-klausula hori aplikatzen, eta HMEI-Kutxak indizea erabiltzen jarraitzen du.

Horregatik, "batetik, Gobernuaren axolagabekeria" salatzen du plataformak; eta, bestetik, "Kutxabanken moralitate eza, HMEI erabiltzen jarraitzearren, interes-tipo alternatiboaren ordez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak