Alex Txikon: "Nire asmoa ez da bai edo bai gailurrera heltzea"

Txomin Madina Milikua 2013ko eka. 20a, 02:00

Igeltsero, aizkolari, mendizale eta abenturazale lemoatarra zapatuan abiatu zen Karakorum ingurura txikitatik izan duen ametsa, K2-a igotzea, betetzeko asmoarekin.

1. K2-a duzu hurrengo helburua. Oraingoan bai?

Ez dakit. Lehenengoz 2004an egon nintzen, bigarrenez 2011an; hirugarrenean esaten dute baietz... Gauza bakarra nahi dut nik: ondo pasatzea eta denok itzultzea. Hobeto da etxera tontorrarekin itzultzea, baina nire asmoa ez da bai edo bai gailurrera heltzea.

2. Gailurra ez zapaltzea beraz, ez da beti porrota.

Ez; kasu askotan erakutsi dugu ezetz esatea edo buelta ematea, kosta arren, askoz gehiago dela. Ez da porrota; eta kasuaren arabera, are gutxiago.

3. Hamar zortzimilako dituzu, baina momentuz, Everestik ez.

Ez. Aurten egon gara lehenengoz han, eta ikusitakoa ez zait ezer gustatu. Gura genuelako joan gara: gauza politak ikusi ditugu, baina baita jendetza-eta horrelakoak ere. Agian egunen baten igoko gara, baina gainera, duen prezioarekin, oraingoz ez dugu dirurik.

4. Gailurrez ari garela, Euskal Herrikoen artean, zein kuttunena?

Akaso Gorbeia, etxe ondoan dugu-eta. Anboto ere bai... Euskal Herriko mendi asko gustatzen zaizkit.

5. Espedizio luze baten, etxeko zein jan botatzen duzu faltan?

Ez dakit... Egia esan ondo jaten dugu. Baina faltan botatzekotan okela, txuleta on bat... Edo baba lapiko bat ere bai. Arraina, adibidez, ez dut faltan botatzen. 

6. Base jauzian, salto egitea edo lurra hartzea, zer da zailena?

Beldurra ez izatea eta ezetz esaten jakitea. Atzo egon nintzen jauzi baten aurrean: goizean jende asko zegoelako eta arratsaldean haizea zegoelako ez nuen egin. Salto egiteko orduan ezetz esatea da garrantzitsuena.

7. Igoerak eta jaitsierak, denak, Txikon Xtreme saioan.

Baleukok ekoiztu du azken abenturetako materialarekin. Ez zait gustatzen ni neu telebistan ikustea; etxekoendako polita da, baina nire ahotsa entzutea, edo tontoarena egiten ikustea ez zait gustatzen.

8. Abenturarako grina inoiz galtzeko beldurrik?

Beldurra ez da lagun ona, egokiena errespetua izatea da: mendiekiko, naturarekiko, norberarekiko... Baina ez; honetan urteak daramatzadan arren, hasten nabil: abentura asko ditut aurretik!

9. Azken egur mozketa, noiz?

Joan den eguenean. Aizkoran egitea izugarri gustatzen zait, asko gozatzen dut. Akaso espediziora eroango dut aizkora... 2011an eroan genuen, eta jende pila bat etorri zen ikustera.

10. Hamahiru anai-arrebetan, gazteena zu. Onerako edo ez?

Onerako; txikitan ezer falta ez arren, baliteke albokoek zituztenak ez izatea, baina harro eta pozik nago familiarekin. Txikiena izateak naizen modukoa egin nau, saiatua.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Gauza pila bat egingo nituzke. Estatu espainiarrean eta gure herrian dauden lapurrak guztiz pobreak bihurtuko nituzke, eta Afrika eta Asiako pobrezia gelditu; mundua onerako zeharo aldatuko nuke. Euskal Herriarendako independentzia eskuratuko nuke, zazpi herrialdeekin; eta euskal preso politikoak Euskal Herrira ekarriko nituzke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak