Lanuzteak metalgintzako enpresetan

Ane Miren Etxeberria 2013ko ekainaren 17a

Nahiz eta sindikatu guztiek ez duten bat egin lanuzte egun kopuruan, gaurkoan bai, bat egin dutela sindikatu guztiek. LAB, CCOO eta UGT sindikatuek bat egin dute eta hiru egunetako lanuzte deialdia luzatu dute, lehena gaurkorako, bigarrena eguaztenerako eta hirugarrena egubakoitzerako. ELA sindikatuak aldiz, astelehenetik egubakoitzera bitarteko lanuzte deialdia proposatu du.

Egutegian ez ezik, zein enpresetan lanuztea egin edo ez, ez dira ados jarri. LAB, CCOO eta UGT sindikatuen aburuz, greba deialdia metalgintzako langile guztiei zuzendua dago, nahiz eta lan hitzarmena sinatuta izan zenbait enpresatan. ELAren proposamena aldiz desberdina izan da; astebeteko lanuztea hitzarmenik ez duten enpresetan soilik egiteko deialdia luzatu baitu. Hala ere, gaurko egunerako bat etorri dira eta Gipuzkoako metalean greba eguna da gaurkoa.

Mobilizazioen astea

Mobilizazioei dagokionez, sindikatu guztiek bat egin dute eta beraz, elkarrekin kaleratuko dira aldarrikapenak egitera. Hala ere, ELAk bakarkako mobilizazioak antolatu ditu. Modu honetan, ELAk manifestazioa egingo du gaur goizeko 11:00tatik aurrera Bergarako San Martin plazatik aterata. Halaber, sindikatu guztiek bat eginda ondorengo manifestazioak antolatu dituzte: gaur 12:00tatik aurrera Eibarren, Untzaga plazatik irtenda Gipuzkoa mailako manifestazioa egingo da herriko kaleetan zehar. Eguaztenean aldiz, Bergarako plazatik aterako da bailara mailako manifestazioa eguardiko 12:00tan. Egubakoitzerako aldarrikapena Donostian egingo da. Azken hau nazionala izango da eta Boulevard-etik abiatuko da 12:00etan ere.

Lanuztearen arrazoiak

Gaur egun Metalgintzako lan hitzarmenen negoziazioa blokeatuta dagoela eta, greba deialdia egin dute. Uztailaren 7an lan hitzarmenak bertan behera geratuko dira aurrez berriz negoziatu eta adosten ez badira. Hala, azken 30 urteotan irabazitako eskubideak galtzea ekarriko lukeela salatu dute sindikatuek. LAB sindikatuaren ustez "aukerak daude uztailaren 7a baino lehen akordio atera iritsi eta gure eskubideak desagertu ez daitezen lortzeko. ADEGI gero eta ahulago eta bakartuago dago, gero eta enpresa gehiago dira eta, akordioa lortzearen alde mintzatu direnak".

ELAren arabera, "erreformak ezarritako aldaketak direla eta, enpresa-mailako negoziazioaren esparruak autonomia izan behar du sektoreen esparruarekiko. Arrazoiak garbi daude: sektoreek balioa galdu dute, erreforma dela eta; eta gainera, oso baldintzaturik daude, patronalak sektoreetan duen kontrola dela eta". ELAk azterketa honetan oinarriturik mobilizazio, sentsibilizazio eta grebako astea proposatzen du.

CCOO eta UGTk probintziako hitzarmena defendatu eta honen alde apustua egiten dutenen artean "erantzun bateratu" bat eman behar zaiola adierazi dute. CCOO sindikatuaren hitzetan "negoziazio mahaia desblokeatzen ez bada mobilizazioek aurrera egingo dute, guk gure hitzarmenak defendatzen jarraituko dugu".

Adegik aldiz adierazi du "langileek jakin beharko dutela konfliktu honetan denek galtzen dutela, gehien bat enpresek, hau da, estrategia suizidetara eta arduragabeetara batzen diren langileak eta familiak epe erdira euren enpresen itxieraren aurrean kokatuko dira izan ere, enpresak konfrontazio estrategiaren eszenatoki bilakatu dituzte". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak