Egoitza berria aurkeztu du Euskaltzaleen Topaguneak Durangon

Ane Miren Etxeberria 2013ko eka. 14a, 16:58

Euskaltzaleen Topaguneak Durangoko Landako elkartegian duen egoitza berriaren aurkezpen publikoa egin du. Hamar urte baino gehiago Abadiñon izan ondoren, egoitza nagusia Durangon izango da hemendik aurrera. Aurkezpen honekin aldaketa posible egin duten erakundeen ahalegina eskertu eta Durangaldeko zein Euskal Herriko erakunde eta eragileei egoitza erakusteko aukera izan dute. Bertan izan dira Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu Josune Ariztondo, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuorde Patxi Baztarrika, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburua, Kontseiluko Idazkari Nagusi Paul Bilbao, Durangoko alkate Aitziber Irigoraz eta Topaguneko presidente Mikel Irizar, besteak beste.

Topaguneko presidenteak, Mikel Irizarrek eskerrak eman nahi izan dizkie egoitza berri hau izateko lan egin duten guztiei, izan ere "sekulako erantzuna izan dugu Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Durangoko Udalaren aldetik eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiegu" adierazi zuen. Egoitza berria izatea oso garrantzitsua dela ere adierazi zuen "egoitza duin bat izateak autoestima ematen baitigu, indartu egiten gaitu eta beraz, lan hobea egiteko animatuta gaude". Durangon kokatu izanak ere badu bere garrantzia "herrian eta Durangaldean badaude euskararekin lotutako erakunde asko, hortaz sinergiak aprobetxatuz eta elkarlanean emaitza onak" lortzen direla adierazi zuen Irizarrek. Halaber, gaineratu zuen, Euskararen normalizazioa ziklo berri batean sartzen ari dela eta garai berrian euskarak eta euskal hiztun komunitateak lankidetza espazioak behar dituela.

Bizkaiko Foru Aldundiko kultura diputatu Josune Ariztondok, bat egin du Irizarren hitzekin eta adierazi du oso pozgarria dela egoitzaren aurkezpenean egotea izan ere, "geure helburuetako bat euskara sustatzea da eta proiektu honek bat egiten du gure nahiekin", beraz, "kulturgintzako plataforma berri honekin" pozik azaldu da. Aitziber Irigoraz Durangoko alkateak ere hitza hartu du eta eskerrak emateaz gain adierazi du "euskararen altxorrak batzen gaituela eta babes horrek aurrera pausuak ematea errazten dituela".

Elkarlana eta adostasuna, lehialtasuna eta lankidetza beharrezkoak direla ere aipatu zuten aurkezpenenan. Halaber, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak aurreratu zuen lankidetza hitzarmena prestatzen ari direla Topagunearekin euskal kulturgintzaren sustapena eta diuntasunaren alde lan egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak