Datorren astetik aurrera banatuko dute eskualdean 'Biblioporrak' gida

Iure Eizagirre 2013ko eka. 15a, 12:14

Gida amaituta dago baina datorrean astean inprimatuko dute eta orduan hasiko dira banatzen Aramaioko, Aretxabaletako, Arrasateko, Bergarako, Eskoriatzako, Legazpiko eta Oñatiko eskola, liburutegi eta hainbat leku publikotan.

Liburuak urte osorako diren arren, udarekin lotzen dira askotan. Hondartzako giro lasaia, igerilekuan entretenitzeko beharra, aisialdian lasai egoteko aukera, guztiak bultzatzen du irakurtzera. Baina, sarritan, udan bestelako irakurketak egin nahi izaten dira eta lagungarriak dira besteen gomendioak. Ideia  horrekin kaleratzen dute urtero Debagoieneko zenbait herritako eta Legazpiko liburutegiek Biblioporrak gida.

Aurtengo gida prest dute dagoeneko eta egunotan inprentan dago. Ekainaren 18an jasoko dute eta aste horretan bertan hasiko dira banatzen eskualdeko herritarren artean.

Aurten berrikuntzak ditu, gainera, gidak. Gomendio bakoitzak iruzkin txiki bat du, generoa eta proposamenaren gaia zehazteko. Oñatiko Udal Liburutegia arduratu da 2013ko Biblioporrak kudeatzeaz eta bertako arduradun Arantzazu Ibarrondok azaldu duenez: "Iruzkinek asko aberasten dute gida eta informazio gehiago jasotzean, jendearendako baliagarriagoa izango dela pentsatzen dugu".

Guztira, 39 liburu eta zazpina disko eta film proposatu dituzte, hainbat generotakoak. Tartean daude Alkasoroko Benta, Ciudad de Huérfanos, Mondrago 1. proba handia, Altxor bat aurkituko dugu eta Bihotz-bihotzetik liburuak eta Amor filma. Ibarrondok aitortu duenez, narratibak du arrakastarik handiena eta gidan agertzen diren liburu gehienak genero horretakoak dira.

Urtero moduan, adinaren araberako sailkapena egin dute eta 0 urte baino gehiagokoendako, 6 urtetik gorakoendako, 9 urtetik gora dituztenendako, gazteendako eta helduendako liburuak daude.  Azken horiendako da eskaintzarik zabalena; izan ere, gainerakoei zazpi proposamen egiten zaizkie eta eurei, aldiz, hamaika. Hala ere, gida gehien erabiltzen dutenak haurrak direla dio Oñatiko liburutegiko arduradunak.

Aurten gidaren 6.300 ale banatuko dituzte. Aramaioko, Aretxabaletako, Arrasateko, Bergarako, Eskoriatzako, Legazpiko eta Oñatiko udal liburutegiek hartu dute parte Biblioporrak gidaren prozesuan eta eurek erabakiko dute non banatu dagozkien aleak. Dena den, aurreko urteetan Lehen Hezkuntzako eskoletan, leku publikoetan eta liburutegietan egon izan dira eskuragarri.

Aldaketak aukeratze sisteman 

Urteak dira Biblioporrak deitutako gida argitaratzen dutela. Aurtengo beste berrikuntza materiala aukeratzeko prozesuan egin dute: liburutegi bakoitzak sail bat landu beharrean, adin bakoitzerako proposamenak egin ditu. Lehen aukeraketa egiteko, kritikak jarraitu, dokumentuak erosi eta liburuak irakurri, diskoak entzun eta filmak ikusi dituzte liburutegietako arduradunek. Lanak hautatu ostean besteei aurkeztu dizkiete, eta, denak batuta, gidan zein gomendio azalduko diren erabaki dute.

Erabakiak hartzeko garaian hainbat irizpide zehaztuta dituzte; adibidez, gomendatutako materialaren kalitatea, genero aniztasuna eta argitaletxeen arteko oreka. Horrez gain, hizkuntzen arteko oreka mantendu dute eta liburuen kasuan, adibidez, erdia inguru dira gaztelaniazkoak eta beste erdiak euskarazkoak.

Diseinua, Olaizolarena 

Azken urteetako gidetan moduan, aurtengo Biblioporrak-en diseinua Iraide Olaizola diseinatzaile azpeitiarrak egin du. Liburuz osatutako lore bat irudikatu du Olaizolak eta inguruan hegan doazen txori itxurako liburuak ditu loreak.

Iaz Hartu olatua zuen lelotzat gidak, baina aurten lelorik ez jartzea erabaki dute. Horren ordez, Adin guztientzako gomendioak esaldia gehitu diote gorri kolorea nagusi duen eskuorriari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak