Euskal Herriko dantza erakustaldi zabala egingo dute Arrasaten

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko eka. 14a, 18:10

Lore Gazteak eta Arrostaitz dantza taldeen eskutik, Haur Dantzarien Eguna izango da domekan Arrasaten. Bada, 5 eta 15 urte bitarteko 400 haur elkartuko dira.

Debagoieneko ordezkaritza zabala izango da; Arrasatekoak, Aretxabaletakoak, Oñatiko, Antzuolakoak eta Aramaiokoak etorriko dira. Horrez gainera, Soraluzetik eta baita herrialde bakoitzetik ere: Bizkaitik, Portugaletekoak; Nafarroatik Atarrabiakoak; eta Gipuzkoatik Añorgakoak. Iparraldeko talde bat ekartzeko saiakera egin duten arren, ez dute lortu.

Erdigunean, lau dantzagune

Herriko plazan hamaiketakoa eginda, erdiguneko lau gune bilakatuko dituzte dantzatoki: Herriko plaza, Biteri plaza, Seber Altube eta Arbolapeta. Bina talde izango dira gune bakoitzean, ibarreko bat eta herrialdeen ordezkari bana. Herriko dantzari hasi-berriek, Zaldibarren eta Jokin Zaitegi plazan erakutsiko dute ikasitakoa.

17:15ean herriko plazan egingo dute saioa eta, besteak beste, elkarrekin dantzatuko dituzte hainbat doinu. Eguna bukatzeko, bestelako doinuekin DJ Amaiak dantzan jarriko ditu guztiak, 19:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak