Iheslarien kolektiboaren Biarritzeko ekitaldirako autobusak Debagoienetik

Goiatz Arana Begiristain 2013ko eka. 13a, 22:11

Zapatu honetan, hilak 15, 'Herria dugu arnas' lelodun ekitaldia egingo du iheslarien kolektiboak Biarritzen. Bizi dugun egoera politikoaren harira "konponbiderako" ekarpena egin nahi du eta bere konpromisoak aurkeztuko ditu ekitaldi horretan. 500 iheslari daude gaur egun; 100 inguru Iparraldean bizi dira eta horietatik 10 bat Debagoienekoak dira. Gure bailaratik, hain justu, autobusak irtengo dira zapatu goizean Biarritzen egingo den ekitaldira joateko. Bailarako iheslariekin egon da Goiena, Iparraldean.

Anjel Iturbe, Arantxa Sasiain, Juan Kruz Maiztegi, Kristina Larrañaga, Lorea Zeziaga, Miren Aierbe eta Oxel Azkarate. Debagoiendarrak dira guztiak, Arrasate, Bergara eta Oñatikoak, eta Iparraldean bizi dira. Urte asko daramatzate etxetik kanpo –gehien daramanak, 40; eta gutxien daramanak, ia 10. Iheslariak dira. Batzuentzat, gaizkile; beste batzuentzat, agian, bide okerra hartutako ameslari; eta beste batzuentzat, "Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokalari". 

Etxetik ihes egin zuten behin, Iparraldera, beste hainbatek moduan, eta hainbeste urteren ondoren, orain, nortzuk diren azaldu nahi dute. Iheslarien kolektiboak lehen mintzakidetza taldea aurkeztu zuen atzo, eguaztena: Frantziako eta Espainiako gobernuei eurekin mintzatzeko eskatu zieten; eta zapatuko ekitaldiari, sostengua adierazi. Zapatu honetan egingo dute ekitaldia, Biarritzen, Herria dugu arnas leloarekin.

'Herria dugu arnas'

5.000 lagunentzako lekua duen Biarritzeko Irati erakustazokan egingo dute ekitaldia. Iheslarien kolektiboak iragarri du bizi dugun egoera politikoaren "konponbiderako" ekarpena eta bere konpromisoak aurkeztuko dituela. 11:30ean izango da ekitaldi nagusia, eta kale animazioa, herri bazkaria eta kontzertuak ere izango dira. 

Autobusak Debagoienetik

Debagoienetik autobusak irtengo dira Biarritzera joateko: 

  • Arrasaten, 09:00etan, Garibain.
  • Oñatin, 09:15ean, Correosen.
  • Bergaran, 09:30ean, autobus geltokian. 

19:00etan irtengo dira Biarritzetik, bueltan.

Erreportaje zabala

Egun horren aurretik izan da Goiena iheslari debagoiendarrekin; azaldu nahi izan dute iheslari izatea zer den, ihes egiteko ze arrazoi ikusi zituzten bere garaian edota zer dakarren iheslari izateak.

Aste honetako egubakoitzeko paperekoak erreportaje zabala jasoko du eta berdin Goiena telebistako AsteOn saioak ere, 22:00etatik aurrera, bihar, egubakoitza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak