Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatibak ikasketa-beka eman dio errezeta-lehiaketa irabazi duen ikasleari

Leire Kortabarria 2013ko eka. 13a, 13:55

Mondragon Unibertsitatearen Gastronomia Zientzien Fakultateko Basque Culinary Centerreko Jose Antonio Olave Candia ikasleak irabazi du Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatibak eta BCCk elkarlanean martxan jarritako errezeta lehiaketa. Epaimahaiak bakailao plater bat saritu du eta egileari hurrengo ikasturterako ikasketa-beka eman dio.

José Antonio Olave gastronomia zientzien fakultateko bigarren promoziokoa da, perutarra, eta saria lehen ikasturteko praktikak egiten ari den jatetxean bertan jaso du, Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatibako Maite Agirrebeitia eta Basque Culinary Centerreko Jose Luis Galiana komunikazio-arduradunen eskutik.
 
Saria errezeta honek irabazi du: lurrunetan egindako bakailaoa ilar-kremaren gainean eta Idiazabal kurruskariarekin. "Errezetak Donostiako tradizioa du oinarri, ez da egiteko zaila eta bikaina izateaz gain, osasungarria ere bada. Jose Antoniok ardi-gazta berezi horren zapore bizia gezatutako bakailao-solomo bigunekin konbinatu eta ilar- eta urdaiazpiko-krema batez leundu du, cherry tomatez eta patata-purez apainduta", esan dute arduradunek. Bere proposamena lehiaketaren jarraitzaileek gehien bozkatutako seien artean geratu da, eta  azkenean, Basque Culinary Centerrek izendatutako epaileek errezeta onenaren saria eman diote. “Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatibari eman didan saria eskertu nahi diot. Izan ere, gustukoen dudana egon nahi dudan lekuan egiten jarraitzeko motibazio-dosia baita”, esan du José Antonio Olavek.

Bigarren lehiaketa martxan dago

Bigarren errezeta lehiaketan nahi duen orok parte har dezake eta aurkezteko epea 2013ko azarora arte egongo da zabalik. Lehiaketarako propio sortutako web atariaren bidez, www.concursorecetasfagor.com, sukalderako proposamen onenak igo eta 1.000 euro irabaz daitezke, horixe baita hileroko irabazleari ematen zaion saria. Gainera, parte-hartzaileen artean Fagorren indukziozko Totalium IF-9000S plaka bat zozkatuko dute.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak