Jose Migel Aiertza (Adegi): "Zain dezagun enpresa, han sortzen baita lana eta aberastasuna"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko eka. 14a, 10:07

Arduratuta agertzen zaigu Gipuzkoako enpresaburuen elkarteko idazkari nagusia, Jose Migel Aiertza. Kezkatuta, krisia luze doalako, enpresek finantzazio premioa dutelako eta sindikatuak, beste inon ez bezala ari direlako kontra. Kultura aldaketa aldarrikatu du.

Beltz kolorekoa ikusten da ekonomia gurean. Zein da momentuko egoera?

Egoera txarra da eta azkeneko datuak ez dira batere onak: iazko azken hiruhilekoa eta aurtengo lehenengoa benetan txarrak izan dira, batez ere Europako ekonomiak behera egin duelako. Hori zuzen-zuzenean sufritu dugu. Aurten, oraingoz, 233 enpresa itxi dira. Iaz urte osoan itxi zirenen erdia. Hortaz, egoera okerrera doa. Eta horrek eragin oso zuzena dauka enpresen bilakaeran eta etorkizunean. Finantzazioak garrantzia handia du eta babesa eta malgutasuna beharrezkoak dira: enpresaburuen aldetik bai, baina langileen aldetik ere bai. Elkarlana beharrezkoa da. Egoera hau ez dugu ezagutu azkeneko 80 urteetan. Egoera ez ohiko batean gaude eta denon laguntza beharrezkoa da zulo honetatik aterako bagara.

Finantzazioa da arazoetako bat?

Bai. Sei urte luze doaz. Krisia luzea eta sakona da. Krisiaren lehen urteetan, 2008an eta 2009an, jarduera ekonomikoari aurre egiteko enpresek bazituzten erreserbak, krisiaren aurreko 14-15 urteak oparoak izan zirelako, oro har. Baina krisiak ez du amaierarik eta erreserbak agortuta dituzte enpresek. Finantzazio premia dute. Eta irtenbiderik ikusten ez denez, enpresen itxiera, kaleratzeak, langabezia… Horixe da panorama.

Esportazioek gora ala behera egin dute aurten?

Krisialdiaren lehen zatian, lehen hiruzpalau urteetan, atzeraldiaren ondorioak txikiagoak izan ziren hemen, Espainian baino. Modu sendoagoan egin genion aurre krisiari. Esportazioari esker izan zen hori. Gure salmenten herena Espainiatik kanpora egiten dugu. Eta horri esker eutsi diogu krisiari. Baina, azkeneko urtean, Europak atzera egin duen heinean —eta diot Europa, ze gure kanpoko salmenten ia %55a Europan egiten baitugu—, hemengo enpresen egoera txartu egin da. 2013ko lehen hiru hilekoan, esportazioak %12 egin dute behera. Aldiz, 2012ko lehen hiruhilekoan, 2011ko epe berarekiko, %12 egin zuten gora. Aldaketa nabarmena da.

Europan zeintzuk dira Gipuzkoako enpresen merkatu nagusiak?

Frantzia, Alemania, Erresuma Batua eta Italia. Baina, Alemanian izan ezik, gainerakoetan atzeraldian daude. Eta Alemania ere ez atzera eta ez aurrera dabil.

Konponbidea da merkatu berriak aurkitzea?

Bai, argi eta garbi. Horretan dabiltza hainbat enpresa. Baina merkatu horiek konplexuagoak dira eta, bestetik, urrutiago daudenez, zailtasunak handiagoak dira. Gainera, mundu osoa dabil merkatu horietan sartu nahian. Lehia areagotu egiten da eta merkatu berrietan sartzeko gure lehiakortasuna handitu egin behar da.

Lehiakorrak dira Gipuzkoako enpresak?

Azkeneko 15 urteotan gure lehiakortasunak atzera egin du. Adibidez, lan kostu unitarioa kontuan hartzen badugu, hau da, lan kostua eta produktibitatea, 33 puntu galdu ditugu Alemaniarekiko. Eta gure erronka izan behar da galdutako puntu horiek berreskuratzea. Horretarako proposatzen dugu lan kostuak kontrolatzea eta ez daitezela igo produktibitatearen gainetik azkeneko urteotan gertatu den bezala; bestetik, produktibitatea hobetu behar da. Modu horretan izan gaitezke lehiakorrago ekonomia globalizatu honetan.

Enpresak, erakundeak, hezkuntza mundua, langileak… elkarrekin jardun behar dute lehiakortasuna irabazteko?

Bai, zalantzarik gabe. Lan kostuari lotuta daude, esaterako, lan harremanak, zerga politikak, finantzazio iturriak, Ikerketa eta Garapena, azpiegiturak, formazioa, nazioartekotzea… Guztiei ekin behar diegu produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzeko. Merkatuak eskatzen du, ez da gure kapritxoa. Gure enpresak lehiakorrak ez badira ez dute salduko eta ez badute saltzen jarduerarik ez dute izango eta, ondorioz, lanpostuak ezingo ditugu ez sortu eta ezta eutsi ere. Dauzkagun lanpostuei eutsi eta berriak egitea izan behar da helburua. Horretarako, ezinbestekoa da lehiakorrak izatea.

Iaz, 531 enpresa galdu ziren Gipuzkoan. Iazkoa izan da orain arteko urterik txarrena?

Bai. Aurten, halere, okerragoa da egoera, oraingoz. Aurtengoa da krisian gaudenetik urterik txarrena eta, seigarren urtea da. Enpresek ia ez dute baliabiderik egoerari aurre egiteko.

Gipuzkoan enpresa txiki eta ertain asko dago. Itxi dituzten gehienak halakoak dira?

Bai. Gipuzkoako enpresen %95 baino gehiagok dituzte 10 langile baino gutxiago. Eta enpresa txikiek finantzazioa behar dute premiei aurre egiteko. Baliabiderik gabe, erronka berriei aurre egiteko dirurik ezean, itxi beharrean aurkitzen dira enpresa txiki edo ertain asko.

Erakunde publikoek egiten dute euren eskuetan dagoen guztia?

Oso erraza da kritikatzea. Baina errealitatearen azterketa egin behar da. Aurreiritzi ideologikoak edo dogmatismoak alde batera utzita. Ekonomiaz egin behar dugu berba. Eta ekonomia txarto dago, ez bakarrik Gipuzkoan. Arazo globalagoa da. Finantza krisia da, baina badago beste krisi bat: garatzeko bidean dauden herrialdeak jokalari berri bihurtu diren heinean, lehiakortasuna areagotu egin da eta bi faktore horiek parean tokatu zaizkigu.

Zela konpondu?

Akordiotara heltzeko borondate eta ahalmen handiagok behar ditugu. Bai langileek eta baita enpresaburuek ere aitortu behar dute jarduera ekonomikoa enpresan garatzen dela. Enpresak ez baditugu babesten eta ez badiegu bideragarritasuna ematen, ez da lanposturik sortuko. Hortaz, guztiok daukagu erantzukizuna. Bai erakundeek, politika ekonomiko egokiak bultzatuz; baita langilek, beren konpromisoarekin, eta baita enpresaburuek, beren apustuarekin eta inbertsioarekin. Denok egin behar dugu arraun norabide berean.

Ze harreman duzue Gipuzkoako Foru Aldundiarekin?

Enpresa batek bere garapenerako inbertitzea erabakitzen duenean, testuinguru egokiak behar ditu. Enpresaren aldeko diskurtso bat, Europa iparraldeko herrialdeetan edo Ameriketako Estatu Batuetan gertatzen den bezala. Hori da Gipuzkoan ikusten ez dena, ez diskurtso aldetik ez eta ekintzen aldetik ere. Eta beharrezkoa da, ezinbestekoa, gizartearen onurarako. Zain dezagun enpresa, bertan sortzen baita lana eta aberastasuna, gure aurrekoek egiten zuten bezala. Ordea, badirudi azkeneko urteotan enpresarekiko babes hori galdu dugula eta guk aldarrikatzen dugu erakundeen aurrean, enpresarekiko babes hori, diskurtso hori.

Sindikatuak, ELA bereziki, modu arduragabean ari direla diozue. Zergatik?

Aipatu ditudan hauen guztien kontra dagoelako. ELA sindikatuak sistemaren aurkako postura hartu du. Eta ez dugu guk esaten, haiek baizik. Ez daude akordioaren alde. Publikoki esan dute lan hitzarmen kolektiboak ez dituztela sinatu nahi. Eta hori guri ere esan digute, haiekin aurrez aurre eseri garenean. Jendarteak hori jakin behar du. Izan ere, akordioak behar beharrezkoak dira baina, ELAk, kasu honetan, akordiotarako borondaterik ez badauka… Beste herrialde batzuetako sindikatuekin harremanak baditugu, danimarkarrekin esaterako, eta ez dute ulertzen enpresaren aurka hemengo sindikatuek darabilten estrategia. Han, lan sortzaile eta elkargune moduan hartzen dute enpresa eta hemen, aldiz, etsai moduan hartzen dute sindikatuek. Kultura aldaketa beharrezkoa da. Enpresek ere aldatu behar dute, jakina, gertutasunean, gardentasunean, pertsonen parte hartzean… Enpresaburuok prest gaude eta ari gara urratsak ematen, baina ez dugu sumatzen sindikatuen aldetik kultura hori aldatzeko borondaterik, batik bat ELAren aldetik. Estrategia hori ez da mesedegarria gure herriaren etorkizunarendako.

Ze balorazio egiten duzue azken greba orokorrarena?

Grebak ez du batere ekarpenik egiten. Ez du balio lehiakortasunean aurrera egiteko. Kalte egiten dio. Alemaniako sindikatuek, greba egiterakoan, langileen %65eko aldeko bozka behar dute greba egiteko. Hori hemen aplikatuko balitz, azkeneko urteotako hainbat greba ez lirateke aurrera aterako. Baina, berriro diot: hemen beharrezkoa da gehiago eta hobeto lan egitea, gure produktuei balio erantsi handiagoa ematea, gure pertsonak formatzea, denok norabide berdinean arraun egitea... Grebak ez du horretan laguntzen.

Sindikatuek iragarri dituzte greba egunak metaleko lan hitzarmenaren alde…

Ez gaude ados, jakina. Baina hausnarketa sakonagoa egin behar dugu: enpresek sortzen dituzte lanpostuak Gipuzkoan. Izan ere, lanpostuen %85a enpresa pribatuan dago. Hortaz, enpresak nahi ditugu ala ez ditugu nahi? Ez baditugu nahi, lanposturik ere ez dugu nahiko… Beste eztabaida bat da enpresa horien diru-irabaziak zela banatzen diren, zergak zela eta zenbat ordaintzen diren… Baina, aberastasunik lortzen ez badugu eta aberastasuna sortzen duten horien aurka bagaude, etorkizun beltza daukagu.

Jendarteak ze ikuskera dauka enpresaburuen gainean, pelikulako gaiztoak moduan ez zaituzte ikusten?

Bai, guk ere egin dugu hausnarketa hori. Ez da izango jendarteari helarazten zaion mezua norabide konkretu batean doalako? Batez ere eragile publiko eta sindikatuetako ordezkariek arduragabekeria handiz jarduten ari dira. Gure seme-alaben ogiarekin ari dira jokatzen. Alemanian ez dute ulertzen zela, batik bat Euskadin, dagoen horren irudi txarra enpresekiko. Norvegian, Danimarkan, Suedian, Alemanian… ez da hala gertatzen. Pedagogia egin behar dugu, enpresak beharrezkoak direlako. Enpresarik ez badago ez dago lanposturik.

Ze gertatuko da lan hitzarmen kolektiboekin. Bertan behera geratuko dira?

Adegi eskaintzen ari da orain indarrean dagoen lan hitzarmen kolektiboa berritzea. Azken urteetakoa. Egoera okerragoa izan arren orain. Sindikatuek ezetza eman diote horri. Horregatik ari dira grebak egiten. Etorkizuna langileen esku dago. Enpresen aurka jartzen badira, enpresak desagertu egingo dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak