Gipuzkoako errepideak gipuzkoarrentzat doakoak izateko proposamena

Goiatz Arana Begiristain 2013ko eka. 13a, 12:21

Egun ordainpekoak ez diren lurraldeko errepideak gipuzkoarrentzat aurrerantzean ere doakoak izateko proposamena aurkeztuko du Diputazioak gaur, eguena, Bruselan. Ibilgailu arinei eragingo lieke neurriak; garraiolariei, ez, printzipioz. Aldundia arkupe sistema bat ari da zehazten N-1, A-15 eta "ahalmen handiko" gainerako errepideetan jartzeko, eta kanpoko ibilgailu guztiek, kamioi nahiz auto, ordaindu beharko lituzkete bidesari berriak.

Hilabete luzeetako eztabaidaren ostean, Gipuzkoako Foru Aldundia lehen mailako errepideetan bidesariak jartzeko proposamena bukatzen ari da. Aldundiaren helburua da ibilgailu arinetan ibiltzen diren gipuzkoarrek ordaindu beharrik ez izatea.

Arkupe sistema

Bidesariak kobratzeko modua finkatzen ari da Diputazioa, baina arkupe sistema bat erabiltzea pentsatzen ari da: ibilgailuak arku horien azpitik pasatzen dira, eta arkuek identifikatu egiten dituzte, baina ez dute hesirik; ibilgailuek ez dute gelditu beharrik, hortaz. Librea da zirkulazioa. Foru arauak aurrera eginez gero, N-1 errepidean eta "ahalmen handiko" gainerako errepideetan arkuak jarriko ditu Aldundiak. AP-8 eta AP-1 errepideak foru arau horretatik kanpo geratuko dira; orain arte bezala jarraituko dute.

Gainerako alderdien babes bila

Bidesarien eta errepideen finantzaketaren auziari "konponbide oso bat" emateko ari da lanean Diputazioa. Hilabete honetan amaitzen zaio proposamena aurkezteko epea, eta dokumentua bukatzen ari da orain. Gaur Bruselan aurkeztuko du, Europako Batzordearen oniritzia behar du-eta errepideetan bidesariak ezartzeko proposamenak. Bruselaren onespena jasotzen badu, araua bukatu eta gainerako alderdiekin adosten saiatuko da, babesak biltzeko. Horri begira, alderdiekin bilerak egiten ari da Aldundia. Foru ordezkarien ustez, gipuzkoarrek dagoeneko zerga bidez pagatzen dituzte errepideak eta haiek mantentzeko lanak, eta ez lukete gehiago ordaindu beharko.

"Garraio sektorea ez kaltetzeko" neurri bila

Ibilgailu arinetan dabiltzan gipuzkoarrak izango dira bidesariak ordaindu beharrik izango ez dutenak, baina Gipuzkoako garraiolariek bai. Europaren zuzentarauak zehazten du garraiolarien artean ezin dela "diskriminaziorik" egin, ezta bertakoen alde ere. Errepideetako arkupeetatik pasatzean, beraz, kobratu egingo diete garraiolari guztiei, bai bertakoei, bai beste herrialdeetakoei. Hala ere, garraiolariekin bilerak egiten ari da Aldundia, sektorea ez kaltetzeko bideak bilatzeko asmoz. Gipuzkoatik kanpoko kamioiek eta autoek, horiek bai, bidesari guztiak ordaindu beharko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak