60.000 lagunek egingo dituzte Eusko Jaurlaritzak finantzatutako prestakuntza programak

Leire Kortabarria 2013ko eka. 11a, 15:31

Eusko Jaurlaritzak finantzatzen dituen prestakuntza ikastaroak eta jarduerak aurkeztu dituzte gaur. Aurten, 60.000 langile eta langabe baino gehiagok egingo dituzte.

Gasteizko gobernuak 54,1 milioi ipiniko ditu lanbide-heziketako ekintzetarako, eta horietatik % 60 (32,9 milioi) langabeendako aukerak finantzatzeko izango dira, batez ere gazteei zuzendutako orientazio- eta aholkularitza-programak. Guztira, 60.000 pertsona inguru izango dira laguntzon zuzeneko onuradunak.

Aurtengo laguntza-deialdiaren edukia azaltzeko, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko, Lanbideko eta Hobetuz-eko arduradunek informazio-saio bat egin dute gaur, Bilbon, enpresa, aholkularitza eta prestakuntza-zentroei zuzendua. Hainbat laguntza mota izango dira, langileendako eta langabeendako prestakuntza aukerak finantzatzeko.

Prestakuntza okupazionalaren arloan, 24,9 milioi euroko lehen partida bat EAEko langabeei zuzendutako 556 ikastaro ordaintzera bideratuko da, eta lan-arlo guztietako espezialitateak jorratuko dira partida horretan. Ikastaroon % 73 zentro pribatuetan profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratuta izango dira.

Ikastaroak iraileko lehen hamabostaldian jarriko dira abian, eta gaur egun langabezian dauden 8.355 pertsonari prestakuntza emateko baliatuko dira. Laguntzak zentro pribatuek, enpresaburu-elkarteek eta sindikatuek jaso ahal izango dituzte.

Horrez gain, beste 2,5 milioi euro baliatuko dira enpresek, enpresaburu-elkarteek edo bestelako erakundeek langabeak kontratatzera bideratutako prestakuntza jarduerak aurrera eraman ditzaten.

Euskadiko hiru lurraldeetako lanbide-heziketako ikastetxe publikoek emango dituzten trebakuntza-jardueretarako beste 5,5 milioi euro bideratuko dira.  Horien helburua da ikasleek profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea.

Etengabeko prestakuntzarako, 21,2 milioi

Lanean dauden langileak prestatzeko laguntza programak 21,2 milioiko dotazioa izango du. 4,2 milioi euro 35 langile baino gehiagoko enpresek edo 50 baino gehiagoko enpresa-taldeek egiten dituzten prestakuntza-jarduera estrategikoetara bideratuko dira. Programa honetan 18.000 langilek parte hartzea espero da. Lanean ari diren langileak hobeto prestatzeko programetarako 16,9 milioi euro emango ditu Eusko Jaurlaritzak. Hobetuz, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioazioaren bitartez, langileen gaitasunak eta kualifikazioa hobetzeko prestakuntza jarduerak eskaintzen dituzten EAEko erakunde guztiek jaso ahal izango dituzte laguntzok.

Programak diruz lagundutako jarduerotan EAEko langileek edo mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez profesionalek parte hartu ahal izango dute. Era berean, Lanbiden, Euskal Enplegu Zerbitzuan, izena emanda duten langabeek ere parte hartu ahal izango dute, betiere gutxienez parte-hartzaileen % 20 eta gehienez % 40 izan behar dutela kontuan izanda. Gainera, parte-hartzaile horien izen-ematea zuzenean Lanbideko orientazio-zerbitzuek egitea
gomendatzen da. Prestakuntzako jarduera horietan gutxienez 30.000 pertsonak parte hartzea aurreikusten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak