Jesus Elortza: "Esperientzia gogorra bezain polita izan da"

Goiatz Arana Begiristain 2013ko eka. 11a, 13:25

"Kargu oso gogorra da, baina penaz noa, lagun asko egin ditudalako udaletxe barruan nahiz kanpoan. Bi urtek askorako ematen dute", adierazi du Jesus Elortzak, eta ondorengoa gehitu: "Administrazioa kanpotik eta barrutik ezberdina da. Hiritar guztiak pasatuko nituzke hemendik sei hilabeterako".

Agintaldi gogorra izan dela dio, berez dela gogorra, eta are gehiago euren kasuan, "esperientzia barik" sartu zirelako: "Alkatetzarako behar da aurreko lau urtetan zinegotzi izatea, errodajea hartzea, baina Bildun ezinezkoa zen; zerrenda garbiak izan behar zutela-eta, esperientzia gabeko jende asko sartu ginen eta egokitzea urtebete kosta zaigu. Gogorra izan da".

Ekonomiak ere ez du jarduna erraztu, Elortzak azaldu duenez: "Egoera ekonomiko txarra tokatu zaigu. Udala ez dago oso egoera txarrean, baina Aldundiko murrizketek asko eragin dute". Edozein kasutan, egoera hori izan arren, zorra murriztu dutela ere esan du.

"Pozik noa, eta desiratzen. Konplikatua izan da, baina aberasgarria aldi berean. Kargu oso gogorra da, baina penaz ere banoa, udalean zein udaletik kanpo lagunak egin ditudalako; bi urtek askorako eman dute. Egia da, gainera, bergarar gehienek asko eskertzen dutela egindakoa, eta eskertzekoa da", esan du.

"Talde sendoa eta homogeneoa"

EH Bildu moduan funtzionatu duen taldea (ezker abertzalea, EA eta Aralar), "talde sendoa eta homogeneoa" izan dela adierazi du, "iritzi ezberdinekin, baina ideologia berarekin", bere hitzetan. Oposizioaren lanari dagokionez, bestalde, ez du baloraziorik egin: "Oposizioak bere lana egin du, ez dugu hori baloratzera sartu nahi. Ez gara inorekin sartu. Asmatu edo ez, pertsonen moduan jokatu dugu, oposizioari berba txarrik esan barik".

Dimisioa, hilaren 24an

Jesus Elortzak 24ko osoko bilkuran emango du dimisioa. Alkatetzaz gain, utziko ditu Mankomunitateko lehendakariordetza, Ur Kontsortzioa, Mizpirualde, Deba Garaia, Suradesa... 

Osasunez errekuperatutakoan,  Jesus Elortza Lazpiurrera itzuliko da: "Nire ibilbide politikoa hemen bukatzen da".

"Osasun arazoak"

"Osasun arazoek" eraman dute Jesus Elortza erabakia hartzera. Duela urtebete inguru, lepoko minekin hasi zela eta tratamendu gogorrak izan dituela esan du, baina ez duela egoerari buelta ematea lortu: "Pastillak, 25 injekzio... baina ez dut lortu buelta ematerik. Ez da oraingo erabakia. Duela hilabete batzuk hartutako erabakia da eta lanketa bat ere egin dugu nire ordezkoa topatzeko".

Bere agurrak ez duela taldearen jardunean eraginik izango eta edozertan laguntzeko prest izango dela azaldu du: "Ni joanda ere, linea berak jarraituko du. Azken batean, hasieratik talde lanean funtzionatu dugu, erabaki guztiak taldean hartu dira eta horrela jarraituko da lan egiten aurrerantzean ere. Nahiz eta kargua utziko dudan, edozertan laguntzeko prest izango naute beti".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak