Anjel Lertxundi: "Idazle batentzat, egin duen guztia beti da porrota"

Txomin Madina Milikua 2013ko eka. 13a, 02:00

Euskal idazle esanguratsu eta sarituenetakoa, iaz argitaratu zuen 'Paper festa. Minimalia' liburua da bere lanen zerrenda luzeari, momentuz, egin dion azken ekarpena.

1. Zer-nolako idazlea iruditzen zaizu Anjel Lertxundi?

Asko hobetu daitekeen idazle bat. Idazle batentzat, egin duen guztia, beti da porrota. Horregatik segitzen du idazten, bere lana hobetu gura duelako eta lortuko ez duen maila lortu gura duelako.

2. Gaztetxotatik ei duzu zure burua idazletzat.

Arazo fisikoengatik ez nuen aukera gehiegi kirolik egiteko eta liburuetarako zaletasuna azkar piztu zitzaidan. Irakurtzen nuen hura imitatu gura nuen; liluratzen ninduten gauzak kontatzeko aukera ba ote nuen. 

3. Azken liburua mikrokontakizunek osatutakoa da. Beti formatu berriak esploratzen?

Mikrokontakizunak lehen ere eginak nituen, baina ez oraingoan legez. Gero eta gehiago interesatzen zait fragmentuen mundua, horiez osatutako ikuspegia. 

4. Testuari hitzak jartzea edo hitzak kentzea, zer da errazagoa?

Testuari hitzak jartzea oso erraza da; zure lanean eskarmentu apur bat baduzu, erraza da gauza asko esatea gero gutxi esateko. Zailena da paperontzia alboan duzula idaztea. 

5. Eta nola geratzen da bat lan baten azken hitza idaztean? 

Hustuta; pentsatuz egindako lana ezingo duzula berriz errepikatu eta beste liburu bat egiteko kemena izango duzun zalantzan jarriz.

6. Maiz elkartzen zara irakurle taldeekin. Beharrezkoak dituzu? 

Beharrezkoak ez; ez zeudenez, 30 urte egin ditut horrelako tertulia literario barik. Baina orain oso ondo datozkit, irakurleen ahotsa entzun eta horrelakoak antolatzen dituztenei esker ona adierazteko.

7. Irakasle izan denaren ikuspegitik, nola dago egun irakaskuntza?

Gauza bat gertatu da: mundu guztiari bermatzen zaio ikasteko eskubidea, eta hori berez ona da; baina ekarri du eskolak ugaritu beharrean, masifikatzea. Horrela oso zaila da irakaskuntza pertsonalizatua, hurbila eskaintzea.

8. Bere garaian bi pelikula zuzendu zenituen. Zergatik ez gehiago?

Bietan jardutea oso zaila delako eta orduan ere argi ikusten nuelako nirea idaztea dela. Zinemak erabat zurrupatzen zaitu eta aukeratu egin behar izan nuen. 

9. Internet izendatu zenuen Euskal Herriko zortzigarren lurraldea. Nola dago egun probintzia hori?

Nahiko osasuntsu; ia egunero sorpresaren bat aurkitzen dut. Baina gehiago egin daiteke; uste dut kazetaritzak oraindik ere baduela behar adina betetzen ez duen toki bat. 

10. Orion jaio, Zarautzen bizi... Badaezpada, itsasertza beti gertu?

Bizitzaren kasualitateengatik nago Zarautzen; baina egia da egun batzuk itsasoa ikusi gabe nagoenean faltan botatzen dudala.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Haurra nintzen garaian makila magikoetan neukan sinesmena berreskuratuko nuke. Ilusio hori berreskuratzeak makila erabilita gauza asko zuzentzea ahalbideratuko lidake".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak