Errekadistek badute, hala ere, berezko zerbait. Batez ere, lurraldeko tamaina ertaineko herrietan ematen dute zerbitzua, eta Donostia, Bilbo edo Gasteizera joan-etorriak egiten dituzte, normalean hiruretako batera. Kotizazio-
erregimen aldetik, gehienak autonomo gisa daude Gizarte Segurantzan alta emanda. Bakoitza bere enpresaburua da eta pertsona bakarreko enpresa aurrera eroatea dagokio, nahiz eta, azken urteetan, beste langile bat hartu dutenak ere badiren.
Gero eta norbanako gutxiago
"Oso lan-urte oparoak izan ditut, baina, gaur egun, gazte bati ez nioke gomendatuko lan honetan has zedin; beste zerbait bilatzeko gomendatuko nioke". Horixe esaten du Clemente Jimenez arrasatearrak. Krisiak errekadistak ere zigortu ditu: "Nik aurten igarri dut beherakada handia. Orain arte, krisia hasi zenetik, nahiko ondo jarraitu dut; baina aurten, sekulakoa izan da. Nik eusten diot nireari, bezero finkoak ditudalako eta zorrik ez daukadalako, eta honetan jarraituko dut", gaineratzen du. Gero, baikortasun puntu bat: "Beste batzuetatik ere irten izan gara eta honetatik ere irtengo gara".
Garai bateko errekadista edo mandatariek automobil partikularra zabaldu zenean lan asko galdu zituzten bezala, gaur egunekoek enkargu edo bezero mota garrantzitsu bat galdu dute errepideak hobetzen joan diren heinean. Hori deritzo, behintzat, Gasteizera joan-etorriak egiten dituen Clemente Jimenezek: "Gure lana asko aldatu da, izugarri. Hasi nintzenean, norbanakoen enkargu asko jasotzen nituen. Gaur egun, oso ezohikoa da norbanako batek deitzea. Lehen karnetak, pasaporteak, konpontzeko utzitako arropak, altzariak… ekartzen nituen; orain, hori norberak egiten du. Izan ere, oso gertuan dago orain Gasteiz. Orain, asko jota, urte baten norbanako batek deitzen dit".
Errekadisten lana zeharo aldatu duen beste faktore bat ere badago, Oñati eta Donostia artean ibiltzen den Jose Ramon Kortabarria Sarramendi oñatiarraren iritziz: "Batez ere, Internet sartu zenetik aldatu da gure lana. Asko igartzen dugu; lehen norberak aurrez aurre egin behar zituen tramite batzuk orain Internetez egiten dira: Foru Aldundian, bankuetan, Ogasunean…"
Dena dela, oraindik hala gura duten norbanakoen enkarguak ere egiten dituzte errekadistek. Gehienek Goienaren gida komertzialean iragartzen dute bere burua; eta herrian izaten dituzte ohiko geltokiak. Hala ere, oraindik euren lana zein den oso ondo ez dakien jendea dagoela diosku Luis Zeziaga arrasatearrak: "Montte enpresarekin lan egiten dudanez, jende askok uste du Montteko langilea naizela".
Konfiantza, euren babesa
Krisiak, ohitura aldaketek eta teknologia berriek kendu dieten lanaren falta konpentsatzeko, bezero finkoen leialtasuna dute Clemente, Sarramendi eta Luis bezalako errekadistek. "21 urte daroat, eta bezero finkoekin lan asko egiten dut. Dena dela, asko aldatu da egoera, enpresen portaera… Lehen zintzotasun handiagoa zegoen, ezagunengana jotzen zuten gehiago enpresek. Gaur egun, enpresetan, zifrei asko begiratzen diete; beharbada, 15 urtean enpresa batendako lan egin ondoren, merkeago bat topatu eta harekin joaten dira. Denak ez dira horrelakoak, baina horrelako kasuak izan ditut, bai". Horrelako kasuen aurrean, bezeroei ematen dieten "konfiantza" da errekadisten babesa.
Errekadista bakoitzak ipintzen ditu bere tarifak. Sarramendi-ren esanetan, gutxi gorabehera beste errekadistek ze tarifa dituzten jakiten du bakoitzak. Luis Zeziaga arrasatearrak bi tarifa mota ditu: "7 euro kobratzen dut gutunazala, kaxa bat, poltsa bat…eroatea. Tramite bat egin behar badut, hala nola Ogasunera paperen bat eroan eta han zigilua ipini, itxoin…hori 14 euro kobratzen dut".
Goizean goizetik
Azkenean, errekadistak baditu urtean zenbait gastu eta inbertsio finko. Gasolinaren prezioa goraka joan da ia eten barik azken urteetan, eta horrek ere eragina du euren poltsikoan. Clemente Jimenezek galduta dauka ibili dituen furgoneta kopuruaren datua: "Mercedes batekin hasi nintzen, 25 edo 26 urte nituela. Beste guztiak Ford-ak izan ditut. Oraingoa laugarrena edo bosgarrena dut. 300.000 kilometro egiten dituenean kendu egin behar duzu, bestela gastuak besterik ez dizkizu ekarriko".
Errekadista horiek 200 kilometro edo gehiago egiten dute egunero, Donostiatik edo Gasteiztik bueltan; hilean, 5.000 bat, eta urtean, 50.000 eta 60.000 artean. Gainera, Jimenezek dioen moduan, autobidea baino gurago dute betiko errepide zaharra, herri artekoa, izan ere, hemendik eta hiriburura arteko herrietan ere egiten dituzte sartu-irtenak. Hala, Clemente Jimenezek Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Bergara… ere egiten ditu Gasteizera abiatu aurretik; eta Donostiara bidean, Eskoriatza, Aretxabaleta, Bergara, Legazpi, Zumarraga, Urretxu, Beasain, Tolosa, Lasarte… ere egiten dituzte Zeziagak eta Sarramendi-k, bezeroaren arabera. Normalean, 08:00ak eta 09:00ak hasten dira, herrian errekaduak jasotzen edo eguna antolatzen; goiza herri inguruan ematen dute; eta arratsalderako, Gasteizen edo Donostian daude.
Abuztuan oporrak
Ordutegi finkorik ere ez dute errekadistek: "Inoiz, gaueko hamarretan, etxean nagoela deitzen dit bezeroren batek, bihar egin behar dudan enkargu batekin akordatu berri dela, baina normalean ez da horrelakorik gertatzen", dio Luis Zeziagak. Oporrak ere ez dituzte ziurtatuta, Sarramendi-k dioen bezala: "Normalean, abuztua aprobetxatzen dugu oporrak hartzeko, enpresak geldiago dabiltzalako; zubietan-eta, enpresek lan egiten badute, guk ere lan egin behar izaten dugu. Azkenean, norberak bere buruari betebehar hori ipintzen dio, norberaren negozioa delako".
Tarta erotikoarekin Oñatira
Errekadisten lana astuna izan daitekeen arren, pasarte bitxiak eta barregarriak ere izaten dituzte. Clemente Jimenezek inoiz ez du ahaztuko mahai handi bat etxetik atera eta Gasteizko etxera eroateko eskatu zion emakumearena: "Gasteizera joaten nintzela zekiela eta ea bidaia aprobetxatuta, mesedez, mahaia eroango nion".
Sarramendi-k gogoan dauka Lasartetik tarta erotikoa ekartzeko enkargua jaso zuenekoa. Dena dela, ezohikoak izaten dira kasu horiek: "Jendeak ohiko gauzak enkargatzen dizkit, ez da aparteko ezer egoten".
-----------------
Gutunazala, pezeta bat
Oraindik ez dira hainbeste urte, hiriburuetara ez ezik, Eibarrera-eta errekaduak egiten zituztenak ere baziren gure herrietan. Errekadista haiek autobusean edo trenean ibiltzen ziren. Askotan, emakumeak izaten ziren. Errekadistaren figura hori gerra ondoren sortu zen, eta horren erretratu ederra egiten dute Carmelo Urdangarin Altunak eta Jose Maria Izaga Reinerrek www.aintzinakolanbideak.net webgunean. Bertan jasotzen dutenez, Arrasatetik edo Oñatitik Donostiara gutunazala eroatea pezeta bat kobratzen zen 1940an.
-----------------
Clemente Jimenez: Gasteizera joan-etorriak egiten ditu egunero. "Tokatzen zaidanean hasten eta bukatzen dut lan-eguna. Batzuetan, 07:00etan hasi eta 20:00etan bukatzen dut; beste batzuetan, 10:00etan hasi eta 18:00etan bukatu. Lana dagoenean, heldu egin behar diozu".
-----------------
'Sarramendi': Oraindik ere norbanakoen Donostiarako enkarguak baditu: "Lehen, jendea egun pasa joaten zen Donostiara eta, bitartean, errekaduak egin, baina orain garestiagoa da egun pasa hori", esaten digu.
-----------------
Luis Zeziaga: Arrasate-Donostia ibilbidea egiten du egunero. Furgonetan bertan, egokitutako koadernoa dauka, enkarguak jaso ahala apuntatzen joateko. Hasi zeneko, orain 17 urteko planoak eta kale-izendegiak ere badaroatza oraindik, apuntez beteta, nahiz eta gaur egun leku guztiak bere egunerokotasunaren zati bat diren. "Ez dut GPSrik erabiltzen, ez dut horren beharrik. Hasieran galdu egiten nintzen, baina orain buruz dakit leku bakoitza non dagoen", esaten du.

