Kostaldera beharrean, mendira joango dira aurtengo Udaeron

Mirian Biteri 2013ko eka. 10a, 12:42

Aretxabaletako eta Eskoriatzako Udalek eta Txatxilipurdi elkarteak elkarlanean Udaero programa gertatu dute aurten ere 12 eta 17 urte bitarteko gazteendako, eta dagoeneko izena eman daiteke horren bueltan antolatutako ekintzetan. Ekainaren 30ean itxiko da epea. Aurten, kostaldera joan beharrean, Atxorrotz eta Uxar inguruetan pasako dituzte hiru gau.

Hain justu, uztailaren 17tik 20ra bitartean egingo dute esandako irteera. Eta horretan, Konkis lehiaketa arrakastatsua errepikatzeko asmoa daukate antolatzaileek. Horren harira, honakoa izan digu Aretxabaleta eta Eskoriatzako gaztelekuetako koordinatzaile Joseba Gabilondok: "Iaz egun bateko lehiaketa egin genuen, eta aurten hiru gau izango ditugu. Telebista programa bezalakoa izango da gurea: hiru talde egongo dira, eta hainbat proba gainditu beharko dituzte kanpamenduak eta erosotasunak lortzeko. Ez da konpetentzia eta lehiakortasuna bultzatuko; gazteak naturarekin gozatzeko eta mendian hiru gau inongo luxu eta horrenbeste erabiltzen dituzten teknologia gabe egotea bilatzen dugu irteera horrekin. Egunerokotasunetik deskonektatu eta lagun artean lau egun igaro". 

Painball, Usako eta surf

Horrez gain, bestelako ekintzak ere izango dira. Uztailaren 4an, egun osoko irteera dute: Debako Lasturrera joango dira paintball egitera, eta jarraian, hondartzantz abiatuko dira. Uztailaren 9an, ostera, Usakora bizikletan joango dira ostera; bidegorritik egingo dute ibilaldia, eta han ere egun osoa emango dute.

Bestalde, uztailaren 11n, Zarautzen dute hitzordua, surf ikastaroa egingo dute-eta han. Azkenik, lau eguneko irteera luzeeraren ondotik, uztailaren 23an, azken jaia egingo dute Aretxabaletako gaztelekuan. Urtero moduan, besteak beste, afaria eta kontzertuak izango dituzte neska-mutilek.

Prezioak

Esan bezala, Udaero programa DBH1 eta DBH4 maila arteko ikasleei zuzenduta dago, eta izena ekainaren 30a baino lehen eman behar da aipatutako bi herrietako Udal Gazteria Zerbitzuan edo gaztelekuetan. Gabilondok nabarmendu gura izan du nahi beste ekintzetan parte har daitekeela; bakar batean edo batean baino gehiagotan.
Horren harira, ekintza bakoitzak prezio zehatza du: Paintball egiteko irteerak eta surf ikastaroak 15 euro balio dute; lau eguneko mendi irteerak, 12 euro; eta Usakora bizikletan joateak eta azken jaiak, ostera, bi euro. Dirua Udaero programaren harira egindako izen-emate orriarekin batera eroan beharko da lehen aipatutako tokietara.
Informazio gehiago jasotzeko honako bideak jarri dituzte gazteen eskura: eskoriatzarrendako 943 71 46 88 eta aretxabaletarrendako 943 08 10 01 telefono zenbakietara deituta; edo Internet bidez, gazteak1@txatxilipurdi.com posta elektronikora idatzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak