Emma Johansson izan da azkarrena Emakumeen Birako bigarren etapan

Txomin Madina Milikua 2013ko eka. 7a, 23:00

Aretxabaletan hasi eta amaitu den Emakumeen Birako bigarren etapan txirrindulariez gain ekaitza ere izan da protagonistetako bat. Azkenean Emma Johansson suediarra izan da lehena; bihgarrena Elisa Longo-Borghini heldu da eta hirugarrena, Munduko txapelduna den Marianne Vos. Sailkapen nagusian, Emma Johansson bera da lider. Debagoieneko ia herri guztietatik pasa da Bira.

Tximista, trumoi eta euri zaparrada artean egon da jokoan gaur Aretxabaletan hasi eta bukatu den Emakumeen Biraren bigarren etapa. Arratsaldeko lehenengo zaparrada baina, txaloena izan da; irteera puntuan bildu diren ehunka aretxabaletarren txaloak, hain zuzen ere.

Bigarren etapa hau izan da Bira guztiko luzeena, eta txirrindulariek 103,5 kilometro izan dituzte. Aretxabaletatik irten eta lehenengo kilometroak denak batera egin dituzten arren, Lisa Brennauer eta Marta Bastianelli hasi dira lasterketa mugitzen, eta Udanako mendatetik pasa direnean bi minutuko aldea ateratzen zioten pelotoiari.

Deskargatik jaisten aldiz, Elisa Longo, Marianne Vos, Tifani Cromwell eta Emma Johansson batu zaizkie. Gatzaga igotzen baina, Emma Johansson eta Elisa Longo bakarrik geratu dira lasterketaren buruan. Marianne Vos saiatu da Deskarga jaisterakoan eurak harrapatzen, baina ezin izan du. Azkenean, Aretxabaletako helmugan Johansson gailendu zaio Longori.

Johanssonek 2:35:59 behar izan ditu lasterketa amaitzeko; Longok denbora bera egin du etaMarianne Vos izan da hirugarrena 26 segundora. Sailkapen nagusian ordena berbera da: Johansson lider, Longo bigarren eta Vos hirugarren.

Johansson: "Lasterketan zehar ondo sentitu naiz"

"Lasterketan zehar ondo sentitu naiz; eguraldi oso txarra izan dugu, baina euriarekin ere ondo ibil naiteke. Jaitsierak apur bat arriskutsuak izan dira, baina aurrean bazaude ez du horrenbeste inporta" adierazi du Johanssonek sari banaketaren ostean. Gatzagako mendateko azken bi kilometroak gogorrak izan direla aitortu du, baina abisatuta zegoela eta ondo prestatuta joan dela gaineratu du suediarrak. Aretxabaletarrek birari egindako harreraz galdetuta, jende mordoa egon dela eta horrek asko poztu duela ere esan du.

Emakumearen Astearekin batera

Biraren bigarren etapa hau Aretxabaletan egiten ari diren Emakumearen Astearekin batera etorri da. Zentzu horretan, Ana Bolinaga Aretxabaletako alkatea pozik zegoen etapa amaieran: "Emakume txirrindulariak egon badaudela erakutsi du Birak, eta maila onean gainera. Berdintasunaren bidean pausotxo bat izan da: harrotasunez egin dugu, xume-xume". Bolinagak gainera, herritarrek antolakuntzan egindako lana azpimarratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak