Jagoba Arrasate Realeko entrenatzailea

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko eka. 7a, 19:11

Ez Gerardo Martino argentinarra eta ezta izen handiko beste entrenatzaile europarren bat. Realeko entrenatzaile berria etxekoa izango da, Montanierrekin batera aritu dena azken urtean: Jagoba Arrasate berriatuarra. Jokin Aperribaik eman du berria. Realak azken urteotako lan eta bolada oparoari jarraipena eman nahi dio izendapen honekin.

Esku artean bi aukera izan dituzte esan du Realeko presidenteak: Gerardo Tata Martino Newell's Old Boys taldeko entrenatzailea (liderra Argentinako Ligan eta Libertadores Kopako final erdietan) eta Jagoba Arrasate. Argentinarra ezin izan dute ekarri data kontuak direla-eta. Beste aukera etxean zen eta ez dute zalantzarik izan Aperribaik esan duenez: "Ez da esperimentuen garaia. Erabateko konfiantza daukagu beregan; ilusioaren denboraldia izango da, eta jarraitutasunaren alde egin dugu".

Bizkaitarra, hasiera batean, urtebeterako izango da txuri-urdinen lehen taldeko entrenatzailea.

Realeko jokalari jubeniletan

Jagoba Arrasate Berriatuan jaioa da, 35 urte ditu eta Realeko jokalaria izan zen jubenil kategorian.

Entrenatzaile bezala, oso goiz hasi zuen bere ibilbidea. Berriatuko tekniko bezala debuta egin zuen eta bertan 2005. urtetik 2008. urtera izan zen, non Preferente mailara igotzea lortu zituen. Ondoren, bi urtez, Elgoibar entrenatu zuen eta 2008-2009 eta 2009-2010 denboraldietan taldea mailaz igotzeko bi play-off jokatzera eraman zuen. 2010. urtean Realarekin sinatu zuen eta bi urtez bi talde jubenilak entrenatu zituen. Lehenik Jubenilen Ohorezko Maila entrenatu zuen eta ondoren Easo taldea; azken honekin, Euskadiko Kopa lortu zuen. 2012-2013 denboraldian Philippe Montanierren entrenatzaile laguntzailea izan da.

Jagoba Arrasateren aurkezpen ofiziala gaur, zapatua, eguerdiko 12:00etan egingo dute Anoetako Estadioan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak