Gure Esku Dago

'Gure esku dago' dinamika aurkeztuko dute gaur Bergaran

Erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimena da 'Gure esku dago'; maiatzaren amaieran aurkeztu zuten Bilbon eta ondoren Irungo Ficoban. Eskozian eta Katalunian bezala, erabakitzeko eskubidea bultzatuko dute. Euskal Herria nazioa dela, erabakitzeko eskubidea duela eta herritarrak direla protagonista nagusi defendatzen dute. Aurkezpena Bergarako Irizar jauregian izango da gaur, martitzena, 19:00etatik 20:00etara. Hain zuzen ere, aldarrikapenarekin bat egiten duten herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte biharko. 

Gure esku dago ekimenak, erabakitzeko eskubidearen alde dauden herritarrak elkartzeko dinamikak, zapatuan egin zuen jendaurreko aurkezpena Irunen, Ficoban. "Eskubide demokratiko baten aldarria" dela adierazi zuten eta protagonista gizartea izatea nahi dutela, gaineratu. 

"Ezin da pasatzen utzi"

Erabakitze eskubidearen alde inoizko mobilizazio handiena sortzeko asmoa azaldu zuten, herriz-herri eta sektorez-sektore egindako lanarekin: "Euskal Herria nazio bat da, erabakitzeko eskubidea dauka eta herritarrak dira protagonista". Besteak beste, Eskoziako kasua gogoraraziz, "erabakitzeko eskubidearen trenera" igotzera deitu zuten: "Ezin da pasatzen utzi".

Erabakitzeko eskubidea herritar guztiei dagokiela defendatzen dute bultzatzaileek: "Gure helburua ez da abertzaleen arteko metaketa bat sortzea, gure helburua demokraten arteko metaketa bat sortzea da herri honetan autodeterminazio eskubidea ez delako politikoa, aurre-politikoa baizik", adierazi zuten.

2014rako bi ekintza

Mezua zabaltzeaz gain, musika eta bideoklipa ere aurkeztu zituzten, eta baita datorren urtean egingo dituzten bi ekimenen berri eman ere:

  • Batetik, 2014ko apirilean, Anoetan, egin asmo duten hiru eguneko jaialdi erraldoi bat.
  • Bestetik, 2014ko ekainaren 8rako antolatu duten giza katea. Durango eta Iruñea arteko giza katea izango da, 130 kilometro eta 50.000 herritar biltzea helburu izango duena.

Abestia Kirmen Uribek, Kepa Junkerak eta Eñaut Elorrietak sortu dute, baina euskal kulturgintzako aurpegi ezagun askoren parte-hartzearekin plazaratu dute.

Herriz herri

Datozen egunetan hainbat herritan izango dira aurkezpenak. Debagoienari dagokionez, gaur, martitzena, Bergaran aurkeztuko dute, Irizar jauregian, 19:00etan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.