Odontologoen kontseiluak, estatu mailan, haurdun dauden emakumeei zuzendutako kanpaina bat jarri du martxan eta haurdun daudenei haginetako azterketak doan egingo dizkiete. Ekainaren 30era arte egongo da martxan kanpaina hori eta helburua da haurdun daudenei informatzea ahoa nola zaintzea komeni den. Izan ere, askok pentsatzen dute haurdun daudenean ez dela komeni dentistarengana joatea, baina Bergarako Alaitz Agirre odontologoak esan digu justu denbora horretan komeni dela ahoa gehiago zaintzea gaixotasunak prebenitzeko.
Emakumea haurdun dagoen bigarren hiruhilabetean komeni da dentistarengana joatea eta askok pentsatu arren erradiografiak ezin direla egin haurdun dauden bitartean, Agirrek azaldu digu posible dela egitea. Hala ere, behar-beharrezkoa bada bakarrik ateratzen dituzte erradiografiak.
Agirre odontologoak esan digu benetan merezi duela azterketa bat egiteak eta behin haurra izan aurretik komeni dela egitea, izan ere, erditu osterako utziz gero, 6-8 hilabete edo gehiago pasatzen direla normalean. Eta ahoa komeni dela begiratzea nola dagoen beti, baina bereziki haurdunaldian.
Webgunea
Haurdun daudenek webgune bat kontsulta dezakete kanpaina honetan parte hartzen duten hortz klinikak zeintzuk diren kontsultatzeko eta horietakoren batera joateko azterketa doan egin diezaioten. Dentistas.org/embarazo atarian dago informazio guztia eta norberak bere herriko posta kodea bertan jarriz gero, webguneak berak proposatzen dizkizu kanpainan parte hartzen ari diren hortz klinikak eta bizi zaren herritik gertuen daudenak gomendatzen dizkizu.