26. Emakumeen Birako 103,5 kilometro Debagoieneko errepideetatik igaroko dira gaur, egubakoitza; Aretxabaletan hasi eta bukatuko da bigarren etapa. Bailarako herri gehienak –Elgeta izan ezik gainerako guztiak– eta mendate esanguratsuenak zeharkatuko ditu; besteak beste, Udana, Deskarga, Gatzaga eta Arlaban. Etapa 16:00etan hasiko da Aretxabaletako Durana kalean eta 18:35 aldera izango da irabazlea leku berean.
Emakumeen Biran parte hartzen, atzotik –eguena– domekara, mundu mailako txirrindularirik onenak izango ditugu gure errepideetan. Duela bi urte Marianne Vos izan zen garaile eta iaz, berriz, Judith Arndt.
Bizkaian, Iurretan, hasi zen atzo, aurtengo Emakumeen Bira. Iurretan bertan hasi eta bukatu zen lehen etapa eta txirrindulariek 91,3 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten. Bi holandar geratu ziren lehen bi postuetan –Marianne Vos sailkatu zen lehen postuan eta Adrie Visser bigarrenean– eta Rossella Ratto italiarra geratu zen hirugarren.