Uema Eguna bihar Aramaion: festa eta euskararen aldeko aldarrikapena

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko eka. 7a, 12:00

17 urteren ostean, bihar itzuliko da Uema Eguna Aramaiora. Udalak 1996ko urtarrilaren 25eko osoko bilkuran onartu zuen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea eta urte bereko maiatzaren 5ean Aramaion bertan ospatu zen Uema Eguna. Hego Euskal Herriko 66 udalerri daude sartuta mankomunitatean eta Aramaio da Arabako herri bakarra. Egun osorako eta adin guztietarako egitaraua prestatu dute.

Apirilean bilera irekia egin zuten udaletxean, Uema Egunaren zentzua azaldu eta prestaketa lanetarako taldea osatzeko. Rosa Mondragon euskara teknikariak azaldu digunez kultur talde eta eragile gehienek erantzun dute: "Taldeen parte hartzea eta inplikazioa eskertu gura dugu".

Aramaio, "herri dinamikoa"

Ramon Ajuria alkateak ere eskertu du aramaioarren inplikazioa: "Gustura eta ilusioz hartu dugu Uema Eguna antolatzea. Herri dinamikoa da gurea, eta herritar ugari inplikatu dira prestaketa lanetan. Herritarren esfortzua eskertu gura dut. Izan ere, eurei esker egitarau zabal eta erakargarria osatu ahal izan dugu. Aramaio ezagutzeko eta euskarari aire berria emateko aukera ederra duzue, eskuzabalik hartuko zaituztegu".

'Aire berria euskarari'

Aurtengo leloa da Aire berria euskarari; jaiak eta aldarrikapenak bat egingo dute beste behin. Egungo legea aldatzea eskatuko dute, "udalerri euskaldunen garapen linguistikoa" bermatzeko. Euskalgintzako eta instituzioetako hainbat ordezkari izango dira. Egitaraua haur, gazte eta helduei begira antolatu dute eta egun osoan ez da aspertzeko astirik izango. Eguraldia izango da etsaia, iragarpenen arabera: "Euria egiten badu kultur etxea eta kiroldegia ditugu erabiltzeko", diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak