Kartzelan sartu dute Arrasaten eta Eskoriatzan ustez bi lapurreta pistolaz egin zituen gizonezkoa

Goiatz Arana Begiristain 2013ko eka. 4a, 19:55

Bergarako ertzain-etxean egindako ikerketei esker, Arrasaten eta Eskoriatzan azken hilabeteetan egindako hainbat delitu argitu dituzte, zapatuan ustezko egilea atxilotu baitzuten Aretxabaletan. 29 urteko gizonezkoa da, eta gasolindegi batean ustez indarrez lapurreta bat egin eta gero atxilotu zuten. Bergarako epaitegira eraman ostean, epaileak kartzelara bidali zuen.

Susmagarria atxilotarazi zuten gertakariak joan den larunbat goizaldean gertatu ziren, ekainaren 1ean, Arrasateko zerbitzugune batean. Ertzaintzaren arabera, "lapurra lur orotariko ibilgailu batean joan zen gasolindegira, eta txano batekin burua estalita langilearengana hurbildu zen, pistola bat eskuan zuela. Pistolarekin langileari buruan eman, eta kutxako dirua eskatu zion. Azkenean, erasotzaileak helburua lortu gabe ihes egin zuen. Borrokaldian autoko kristal bat hautsita joan zen gasolindegitik".

Berehala, Ertzaintza eta anbulantzia bat agertu ziren, eta erizainek langileari arreta eskaini eta anbulantzian eraman zuten, zauriekin buruan. Polizia-patruilek ustezko atrakatzailearen ibilgailua bilatzeko dispositibo bat ipini zuten martxan, eta Aretxabaletan harrapatu zuten. Handik gutxira, gidaria atxilotu zuten.

Segurtasun Sailaren arabera, Ertzaintzak erasoan erabilitako arma bilatzen jarraitu zuen, bide batez, maiatzaren 2an AP-1 autobideko Eskoriatzako bidesarian gertatutako tankerako erasoa argitzeko: "Orduan ere, egilea bere ibilgailuan joan zen burua estalita, eta, kobratzailearen kabinaren parean, suzko arma leihatilatik atera eta bidesari horretako kutxako dirua eraman zuen". Ikerketen arabera, aldez aurretik lapurtutako matrikula-plakak ipini zizkion ibilgailuari, ez identifikatzeko.

Ebidentziak sarreretan eta erregistroetan

Ustezko egilea atxilotu ostean, ikerketako agenteek Bergarako 2. epaitegiak gidatutako eta baimendutako erregistroetan bi delituen inguruko hainbat ebidentzia topatu zituzten.

Hala, ertzainek Belgikan fabrikatutako pistola bat topatu zuten, 7Ž65 kalibrekoa, kargadorea hutsik zuela. Arma Ertzaintzaren Polizia Zientifikoko Unitatera eraman dute, aztertzera eta balistika-analisia egitera. Era berean, lapurretetan erabili bide zituen jantziak ere topatu zituzten: gurutzeta-ezpata bat, eskularruak, bisera bat, txapela bat edota neoprenozko maskarilla bat; baita Eskoriatzan ustez indarrez egindako lapurretan erabilitako matrikula-plakak ostuak ere.

Matrikulak Arrasaten lapurtu zizkieten bi ibilgailuri, Ertzaintzan eta Arrasateko Udaltzaingoan ipinitako salaketek diotenez.

Polizia-diligentzien ostean, atxilotua Bergarako epaitegira eraman eta epaileak kartzelara bidali zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak