Eibar, Azkoiti eta Nafarroako lasterketetan parte hartu dute Dorletako Ama taldeko txirrindulariek asteburuan

Goiatz Arana Begiristain 2013ko eka. 4a, 18:34

Junior kategorikoak Eibarren izan ziren domekan, eta euretako batek bigarren postua eskuratu zuen; alebin eta infantilek Azkoitiko proban esku hartu zuten; eta afizionatuek Nafarroan izan zuten hitzordua. Datorren asteburuan ere hainbat probatan izango dira: Bergara eta Aretxabaletakoan, tartean.

Domekan izan zen LXXVIII. San Juan Saria Eibarren, eta bertan parte  hartu zuten junior kategoriako txirrindulariek 101 kilometroko ibilbidea izan zuten aurretik. Dorletako Ama taldeak bi ordezkari izan zituen bertan, Ruben Carmona eta Danel Sagasta. Sagastak baino ezin izan zuen proba amaitu, baina txukun bukatu zuen oso, 02:37:26 denborarekin, bigarren postua eskuratuz. Lasterketan parte hartu zuten 76 txirrindularitatik 42k bukatuko zuten.

Alebin eta infantilak

Alebin eta infantilak Azkoitiko Sarian lehiatu ziren, zapatuan. Alebinetan, Aimar Arriolabengoa, Martin Abarrategi, Koldo Zubia, Oihan Uroz eta Unax Sanchezek hartu zuten parte. Podiumera igotako hirurak Azkoitiko eskolakoak izan ziren, ordea; Dorletako Ama eskolako lehena Martin Abarrategi aramaioarra izan zen. Neskarik ez zen joan.

Azkoitiko proban saritutako txirrindulari taldea.

Infantiletan Dorletako Amako Liher Unzueta eta Asier Azkaratek hartu zuten parte. Unzueta izan zen helmugaratzen azkarrena bietan, zortzigarren postuan sailkatuz.  eta bietatik lehena, 8. postuan Liher izan da. Lehen neska Eneritz Lizarralde oñatiarra izan zen. Benjaminen lasterketarik ez zen egon.

Afizionatuak

Etxeko afizionatuek, bestalde, 52. Nafarroako Txirrindulari Izulian parte hartu zuten. Bi etapako lasterketa izan zen: zapatukoak 148,5 kilometro zituen, Lizarte eta Bilatorta artean. Iker Eskibel, Endika Mantecon, Unai Mendikute, Mikel Plaza, Ion Aranzabal eta Asier Taboadak hartu zuten parte. Guzti horietatik bakarrak, Iker Eskibelek, bukatu zuen. Baina biharamunean, Sumt Monjardin eta Iruña batzen zituen 146 kilometroko etapan, Eskibelek ezin izan zuen proba bukatu.

Datozen hitzorduak

Zapatuan hiru proba izango dira:

  • Kadeteak: 60 kilometroko LXXVII. San Antonio Saria - XII Honorio Agirregabiria Memoriala. Lehen urteko kadeteentzako. Bergaran, 16:00etan hasita.
  • Afizionatuak: Euskaldun Torneoaren barruan, XXXII. Kutxabank Saria, Gipuzkoako Txapelketa, Urretxun. 107,9 km.
  • Benjamin, alebin eta infantilak: Mendaroko Saria, 16:00etan.

Domekan, bi hitzordu dituzte:

  • Juniorrak: 97 kilometroko XX. M.Oiartzabal - A.Urkol Memoriala, Anoetan, 16:00etan.
  • Afizionatuak: Euskadiko Txapelketa barruan, 49. San Martin Proba, Ataunen, 09:30ean. 136,2 kilometro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak