Herrixa Dantzan, oporretara

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko eka. 3a, 14:29

Dantza tradizional ludikoak ezagutaraztea eta horiek praktikatzen gozatzea helburu duen Herrixa Dantzan ekimenaren ikasturtea bukatu da. Asteburuan egin dituzte azkeneko saioak, Arrasaten eta Bergaran. Hileroko dantza saioak datorren ikasturtera arte amaitu diren arren, udan ere egingo dituzte gehiago, ordea.

Patxi Monterok gidatutako saioek datorren ikasturtean jarraituko dute. Orain arte moduan, Arrasaten, Elgetan, Bergaran eta Eskoriatzan izango dira saio finkoak; baina azken hiru horietako funtzionamendua aldatu egingo dute, eta aurrerantzean, txandakako saioak egingo dituzte.  

Lau adar finko 

Lau adar finko ditu Debagoienean, nahiz eta beste herrietan ere egin izan dituzten saio solteak. Monteroren esanetan, baina, guztien ama Elgeta da: "Nire etxea da eta baita Herrixa Dantzan saioen abiapuntua ere. Espaloian izan zen haurdunaldia eta baita jaiotza ere; esperimentatzeko tokia ere bada niretako Espaloia".

Txertubi bikoteak parte hartu zuen Elgetako Espaloian apirilean.

Arrasaten laugarren ikasturtea amaitu dute. Garaia Berrikutza Guneko Garaia taberna-jatetxea dute dantza-toki. Erdigunetik aldenduta badago ere, toki aproposa dela dio Monterok, leku zabala eta taberna izatearen abantailarekin.   

Bergaran, berriz, Zabalotegi aretoan elkartzen dira. Perfektua izateko taberna falta zaiola dioen arren, aretoaren tamaina eta akustika nabarmendu ditu.  

Bergaran, Zabalotegin egiten dituzte Herrixa Dantzan saioak.

Eskoriatzan, ostera, HUHEZIko kaperan egin izan dituzte, nahiz eta etorkizunean Zaldibar antzokian egin gura dituzten.  

Antzekoak, baina berdinak, ez 

Antzerakoak dira, orokorrean, herrikako taldeen ezaugarriak: batez beste, 20 eta 40 lagun arteko taldeak dira; gehienak helduak  eta emakumeak, Elgetan eta Bergaran bereziki, haurrak ere izaten diren arren. 

Hala ere, herri bakoitzak bere berezitasunak dituela dio Monterok eta horregatik, menu orokorra bera den arren, plater zehatz ezberdinak eskaintzen dituela herriz herri: "Arrasaten parte hartzen duten asko ikasle ditut, baina ez guztiak; deigarria da, era berean, gehienak 60 urtetik gorakoak direla; jolasteko dantzak dituzte bereziki Arrasaten gustuko, kontradantzak eta bikoteka direnak". Bergarako taldeak, ostera, gauza konplexuagoak egiteko abilezia duela dio eta estilo guztietakoak dituztela gustuko. Eskoriatzan zaletasuna sortzen dabilela esan du eta sarritan hurbiltzen direla kide berriak, "jauzietan eta dantza soltean nekez jarduten dute eta korruan, sokan zein kontradantzetan ibiltzen dira gusturen", dio Monterok.   

Orokorrean, guztietan ikusle zein dantzarien artean giro gozoa izaten da, baina Elgetakoa berezia dela dio, lekuaren ezaugarri eta kideen aniztasunagatik. Denetik dantzatzen dute eta kontradantzak gustatzen zaizkie bereziki. Zuzeneko musikarekin egin izan dituzte saioak Espaloian.

"Irekiak eta doakoak izaten jarraituko dute, baina berrikuntzak izango dira"

Hala azaldu digu Patxi Monterok, Herrixa Dantzan ekimeneko arimak. Saio irekiak gidatzeaz gainera, dantza eskolak ere ematen ditu Debagoienean.

Amaitu duzue ikasturtea. Gustura?

Pozik nago, bai. Soka dagoen bitartean jarraituko dugu, zaletasuna badago-eta. Datorren urterako asmoak finkatzen ditugunean herrixadantzan.com helbidean izango dituzue. 

Herritarrek dantzan gozatzea izan duzu hasieratik helburu. 

Bai, eta izpiritu bera du oraindik ere, ni neu aldatzen noan eran, detaileak ezberdinak badira ere. 

Datorren urtean berrituta etorriko da Herrixa Dantzan.

Irekiak eta doakoak izaten jarraituko dute, baina herri batzuetako maiztasuna aldatu egingo dugu. Arrasaten hilero egingo ditugu eta Elgeta, Bergara eta Eskoriatzakoak txandakatuaz joango gara. Aurrerantzean, gainera, Elgetako saioak beti zuzeneko musikarekin izango dira.

Zu zeu aurpegia bazara ere, atzean baduzu babesa.

Espaloikoekin beti izan dut gertuko harremana; udalak ere hor daude eta baita Garaiakoak ere. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak