Eraginkortasun ziurtagiria, etxebizitzek ere bai aurrerantzean

Julen Iriondo 2013ko ekainaren 3a

Salduak edo alokairuan emanak izatekoak diren etxebizitzek baldintza berri bat bete beharko dute ekain hasieratik aurrera: energia eraginkortasun ziurtagiria izan beharko dute, derrigor. Ziurtagiri honek adierazten du ze CO2 emari duen etxebizitzak, eta horren araberako kalifikazioa ematen dio, kolore eta letra bidezko sailkapen baten: berdetik gorrira eta A-tik G-ra, eraginkorrenetatik eraginkortasun txikiena dutenetara.

Hemendik aurrera, etxebizitza erostera edo alokatzera doanak eskubidea izango du ziurtagiri hau exijitzeko. Proiektua 2007 urtea baino lehenagokoa duten etxebizitzentzat da neurri berria, ordutik aurrerakoek derrigorrez behar zuten-eta ziurtagiria, eraikitzearekin batera.

Espainiako Gobernuak apirilean erabaki zuen, Errege Dekretuz, betebehar hau ezartzea. Kontua, baina, askoz lehenagotik dator: 2002koa da Europako zuzentaraua gai honen gainean.

Hobekuntzak, hautazkoak 

Etxebizitzak energia eraginkortasunaren arabera sailkatzea da, beraz, egingo dena, agerian geratu dadin etxebizitza bakoitzak ze emari duen –eta erregai edo energiatan ze gastu, azken finean–; neurri berriak ez du inor behartuko etxebizitzan energia eraginkortasuna hobetzeko aldaketak egitera. Etxebizitza sailkatzeko azterketa egiten duenak gomendioak emango ditu, baina gomendioak baino ez dira izango. 

Ekainetik aurrera ziurtagiria ez duten eta etxebizitza saltzeko edo alokairuan emateko asmoa duten etxejabeek arau-haustea egingo dute. Arau-hausteok maila desberdinetakoak izan ahalko dira, eta isunak izango dira 300 eta 6.000 euro artekoak –eta hortik gorakoak ere izan daitezke, lortutako etekinaren arabera–. Falta arina –300 eta 600 euro artean– izango da saiatzea etxebizitza saltzen edo alokairuan ematen bere energia kalifikazioa aipatu gabe –nahiz eta izan; pentsa liteke, adibidez, ezkutatzen saia litekeela, kalifikazioa kaskarra izateagatik–; ez jartzea begi bistan energia eraginkortasun etiketa derrigorrezkoa den kasuetan, edo gutxieneko formatu edo edukiak ez dituen bat erakustea; ziurtagiriak ematea gutxieneko informaziorik gabe; ziurtagiriak berritzeko edo eguneratzeko betebeharrak ez betetzea; Eraikin Liburuan ziurtagiria ez sartzea eta proiektuaren kalifikazioa erabiltzea amaitutako eraikinak dagoeneko baduenean.

Larritzat –601 eta 1.000 euro artean– hartuko da eraikinaren azterketarako dagokion metodologia ez ibiltzea; administrazioan ez aurkeztea ziurtagiria erregistratua izan dadin; energia eraginkortasunaren ziurtagiri egitasmoa ez sartzea higiezinaren exekuzio proiektuan; bere ziurtagiriarekin bat ez datorren etiketa erakustea; eta etxebizitza saltzea edo alokairuan ematea jabeak hartzaileari ziurtagiriaren frogagiria entregatu gabe.

Arau-hauste oso larria –1.001 eta 6.000 euro artean– izango da, ostera, ziurtagiria ematean edo erregistratzean informazioa faltsutzea; titulazioa izan gabe ziurtagiri emaile moduan jardutea edo ziurtagirian emandako kalifikazioa zuzena dela kontrolatzeko teknikari baimendu bezala jardutea hala izan gabe; eraikin bat edo eraikin baten zatia saltzeko edo alokairuan emateko garaian, behar den bezala erregistratuta eta indarrean ez dagoen ziurtagiri baten araberako kalifikazio bat erabiltzea.

Honez gain, arau-hauste larritzat hartuko da falta arin bat egitea aurreko urtebetean maila bereko arau-hausteagatik behin betiko zigor bat ezarria izan zaion norbaitek, eta oso larritzat arau-hauste beragatik aurreko hiru urteetan zigortua izan eta akatsa errepikatzea.

Etekinaren araberako zigorra 

Zigorren kopuruei dagokienez, 6.000 eurotik gorakoak ere izango dira, operazioarekin ateratako etekina hortik gorakoa den kasuetan. Halakoetan, etekinaren araberako zigorra ezarriko da, kontuan izanda eragindako kaltea, zilegi ez den moduan lortutako etekina zenbatekoa den, nahita egin ote den eta arau-hauste bera behin baino gehiagotan egin den edo ez. 

Hau etxebizitzen gainean, baina administrazio publikoek ere izango dituzte betebeharrak, euren eraikinei dagokienez. Ziurtagiria izan beharko dute herritarrentzako irekita dauden 250 metro koadrotik gorako eraikinek. Kiroldegi, kultura etxe, udaletxe eta abarrek etiketa energetikoa erakutsi beharko dute ondo ikusteko moduko leku batean. Ekainaren 1ean etiketa eraikin horietako zenbatetan dagoen ikustea termometro aproposa izan daiteke Ekitermik enpresako Mikel Aranbarriren esanetan: "Ezin diozu partikular bati eskatu edo isun bat jarri, zuk obligazio bera duzunean eta ez duzunean betetzen, administrazioa izanda. Baina ez dakit nola ibiliko diren ekainaren 1erako, nik uste nahikoa atzeratuta doala gauza".

Gai honetan erkidego autonomoek izango dute eskuduntza –eurek egingo dituzte inspekzioak–, eta aurrez aipatutako guztia bete beharko dute pertsona fisiko eta juridikoek, eta ondasun komunitateek ere bai. Beraz, betebehar berri honek eragingo die, adibidez, partikularrei, promotoreei, bankuei eta administrazio publikoei.

Ekitermikeko Mikel Aranbarrik dio bezeroek ez dutela orain arte kontuan hartu izan eraginkortasuna etxebizitza aukeratzerako orduan, baina gero eta gehiago izango dela horrela: "Begira etxetresnak, A+ kalifikaziotik beherakoak ia ez dira saltzen dagoeneko".

-----------------

Mikel Aranbarri (Ekitermik): "Europatik dator, ez da dirua egiteko Gobernuari otu zaion gauza bat"

Arrasateko Ekitermik enpresan energia eraginkortasunaren alorrean egiten dute lan, eta azterketak egin eta ziurtagiriak emateko baimenduta daude.

Jendeak ezagutzen al du betebehar berri hau; sumatu al duzue mugimendurik, ziurtagiri eskerik? Partikularrek ez dakit dakiten nahikoa; etxe-agentziek, bankuek, profesionalek, apur bat gehiago. Partikular askok, gainera, ez dute oso ondo ulertu zer den kontu hau. Pentsatzen dute obraren bat egin behar dela zerbait lortzeko, eta ez da horrela. Eskaerei dagokienez, apur bat mugitzen hasi da kontua azkeneko bi asteotan.

Hainbatek ikusi dute dirua ateratzeko beste modu bat bezala. Agian ez da hau martxan jartzeko momentu onena, krisiagatik; ulertzekoa da jendeak ikustea beste karga bat moduan, baina eroslearentzat gauza positiboa da, nire ustez. Ari zara adierazten etxebizitza horrek nolako gastua duen kontsumoetan. Datu mesedegarria da hori bezeroarentzat, dirua aurreztea ekar dezake eta. Ez da gauza bat orain Espainiako Gobernuari otu zaiona dirua egiteko. Europatik datorren lege bat da, eta derrigorrezkoa.

Zer aztertzen da kalifikazioa eman eta ziurtagiria egiteko? Aztertzen direnak dira fatxadak, inguratzailea, leihoak eta fatxadako gune itsuak, eta etxea berotzeko erabiltzen den galdara edo hozte sistema. Ziurtagiri honek esaten duena da zenbateko CO2 emaria duen etxebizitzak, eta horren araberako kalifikazioa ematen zaio.

Zenbat balio du ziurtagiriak? Gurekin, 190 euro inguru, ohiko etxebizitza batentzat.

-----------------

Etxe-agentzietan ere aldaketak ekarriko ditu neurri berriak

Etxe-agentzietan badu eragina neurri berriak; izan ere, saltzeko eta alokatzeko iragarkietan derrigor agertu beharko dira ekainaren 1etik aurrera etxebizitzaren kalifikazioaren berri ematen duen energia eraginkortasunaren etiketa. Arrasateko Deba Garaia etxe-agentzian, adibidez, ari dira bezeroak ohartarazten ziurtagiria egin beharraz. Azterketak egiten dituzten inguruko enpresen berri ere emango diete; izan ere, edonorekin ez egitea gomendatzen du Jesus Markaidek: "Ikusi ditut Interneten teknikari batzuk ziurtagiriak egiten dituztenak 45 eurogatik; Madrilgo enpresa batek, adibidez, egiten baditu etxea ikusi gabe, argazki batekin, eta administrazioa ohartzen bada emaitza ez dela zuzena, jabearentzat ere isuna dago; eta, gero, joan zaitez teknikari horren bila!". Isunei dagokienez, zorrotzak izango direla uste du Markaidek, jendeak ez lukeelako egingo bestela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak