Gasteizen kontsulta dauka Nagore Bernedo alergologoak eta Debagoieneko jendea ere joaten da berarengana. Honela diosku Bernedok: "Alergia hitzarekin, hainbat gaixotasun biltzen ditugu: errinitisa eta asma alergikoa, janariekiko alergia, medikamentuekiko alergia, kontaktuko dermatitisa eta dermatitis atopikoa, besteak beste. Beraz, gaixotasun alergikoak edozein sasoitan eman daitezke".
Gaixotasun alergiko horiek sortzen dituzten sintoma ezagunenak hauek dira: arnas aparatuan agertzen den alergia, errinitisarekin eta asmarekin. Errinitisaren sintoma arruntenak sudurreko azkura, doministikuak, sudurreko kongestioa eta urtsua den muki-jarioa dira. "Askotan, sudurreko sintoma horiek begietako azkurarekin, gorritasunarekin eta malko-jarioarekin batera azaltzen dira, udaberrian oso arrunta den errinokonjuntibitis alergikoa emanez", dio Bernedo doktoreak.
Asmaren sintomak eztula eta arnasa hartzeko zailtasuna dira, eta urte osoan eman daitezke.
Janariekiko alergiak
Udaberriko garai tipikotik kanpo ere, urte osoan zehar ere, alergia edo gaixotasun alergikoren bat duen gero eta jende gehiago joaten da alergologoaren kontsultara. Nagore Bernedok konfirmatzen digu: "Errinitis alergikoa oso patologia arrunta da eta populazioaren laurdenak izan dezake. Beste gaixotasun alergikoekin gertatzen den bezala, gero eta jende gehiagok dauka". Eta alergiak udaberriko kontua diren ustea gezurtatzen du medikuak: "Arnas aparatuko alergia –errinitisa eta asma– ez da bakarrik udaberrian agertzen den gaixotasuna. Urte guztian dauden alergenoek, hautsaren akaroek edo animalien epitelioek, adibidez, sintoma berberak sorrarazi ditzakete".
Horiez gain, gero eta gehiago azaltzen den alergia mota baten gaineko kasuak ikusten dituzte alergologoek: janariekiko alergiak.
"Edozein janarik sor dezake alergia. Askotariko sintomak ager daitezke: azalean agertzen den urtikariatik hasita, larriagoa den anafilaxiara arte", esaten du Nagore Bernedo alergologoak. Anafilaxia gorputzaren erantzun immunologiko orokorra da eta ia kasu guztietan medikuek atenditzea eskatzen du. Edozer alergenok piztu dezake erreakzio hori: janari batek, polenak, animalien epitelioek, intsektu baten ziztadak…
Alergenotik urruti egotea
Alergenoa edozein izanda ere, diagnostikoa egiteko inoiz baino baliabide gehiago ditu gaur egun medikuntzak, Bernedok dioskun moduan: "Gaur egunean diagnostiko zehatza egiten saiatzen gara, diagnostiko molekularra deritzona, eta janari konkretu bati alergia daukagula esan ordez, konkretuki alergia ze proteinak sortzen duen bilatzen dugu. Horrela, badakigu polen eta janari begetal desberdinen artean alergenikoak diren proteina komunak daudela eta horrek azaltzen du zergatik janari begetal batekin baino gehiagorekin erreakzio alergikoa duten pertsona batzuek".
Hurrengo pausoa tratamendua da. Osatu ez, baina kontrolatu daitekeela dio alergologoak: "Tratamendu egokiena alergia sortzen diguna ekiditea izango da. Udaberriko polenarekin eta beste alergeno batzuekin zaila izango da hori. Polen kopuru handia dagoen egunetan, kanpoaldeko jarduera gutxiago egitea komeni da, batez ere goizeko lehen orduetan eta arratsaldeko azken partean". Sintomak tratatzeko antihistaminikoak, kortikoideak, bronkodilatadoreak… daude aukeran. Horrez gain, txertoak edo immunoterapia erabiltzen dira.
Mukosaren inflamazioa
Amaia Iriarte arrasatearraren homeopatia kontsultategira ere "jende dezente" doa alergien harira: "Normalean, tratamendu naturala eta alergia prebenitu gura izaten dute", esaten du Iriartek.
Homeopatiaren ikuspuntutik, "ez da hainbeste inporta zein den alergia mota; desoreka baten adierazpena dira, eta kasu gehienetan, hesteetako mukosan inflamazio kronikoa izaten dute pazienteek", esaten du Amaia Iriartek. Inflamazio hori da benetako arazoa, hortaz.
Horri ekiteko, lehenengo eta behin, "probiotikoak dituzten elikagaiak gomendatzen ditugu, eta enzima digestiboak ere bai, inflamazio hori kentzeko eta sistema immunologikoa ez egoteko alertan. Sintomekin laguntzeko, tratamendu homeopatikoa ematen diet, sintomak desagertu arte", esaten du mediku homeopatak.
Behin sintomak kenduta, "bizimodua zaindu behar dute, mukosa berriz ez desorekatzeko: ondo eta egoki jan, estresa kontrolatu…". Iriartek azaltzen duenez, "alergia mota desberdinak daude norberaren mekanismo immunologikoa desberdina delako, baina manifestazio bat dira. Gero eta okerrago jaten dugu, azkar eta gero eta janari prozesatu gehiagorekin, estresatuta bizi gara, ingurumenean sustantzia toxiko handiak daude… Bizimodua gehiago zaindu behar dugu".
-----------------
Larregiko higienea kaltegarria denean
Inor ez dago gaixotasun alergikoren bat izatetik kanpo, ezta umeak ere. Umeen alergia kasuak gero eta ugariagoak dira, eta horren gaineko kongresua egin zuten Espainiako Immunologia Klinikoaren Elkarteko (SEICAP) kideek Avilan. Hango ondorioetako bat hauxe izan zen: higienea muturrera eroateak eta umeak larregi babesteak kalte egin diezaiokete umearen sistema immunologikoari. SEICAPeko presidenteak, Marcel Ibero doktoreak esan duenez, "germenik gabe, larregiko higienearekin, larregiko esterilizazioarekin, denetarako txertoak hartuta eta infekzio arrisku barik hazten diren umeen sistema immunologikoak ez du defentsa-mekanismoa aktibatzen, eta aldiz, alergiak izatea errazten du". Datu deigarri bat eman zuten kongresu horretan: AEBetan, gaixotasun alergikoak dituzten ume gehiago dago diru-sarrera handiagoak dituzten familien seme-alaben artean (ume horien % 18,3 dira alergikoak), txikiagoak dituztenen seme-alaben artean baino (% 14,9).
Nagore Bernedo alergologoak esaten du ez dagoela argi zergatik dauden gero eta alergia kasu gehiago, baina higienearen hipotesia izenekoa dela proposatzen den azalpen posibleetako bat: "Gaur egungo gizartean gero eta bizimodu aseptikoagoa daukagu; hau dela eta, gure sistema immunologikoa infekzioen aurka prestatu ordez, gure inguruan dauden sustantzien aurka bideratzen da".