Eñaut Elorrieta: "Jakin behar da agertokira igotzen eta agertokitik jaisten"

Txomin Madina Milikua 2013ko eka. 6a, 02:00

Ken 7ko ahotsak bakarkako ibilbideari ekin dio 'Deserriko kantak' diskoarekin; besteak beste Sarrionandia, Cano, Aresti edo Beneditteren hitzei musika jarri die bertan.

1. Azkena, bakarrik. Zergatik?

Gorputzak eskatu didala sentitzen dut: ez da hausnarketa baten ondorio izan; gogoa piztu zitzaidan, ilusioa. Denbora ere banuen, bete-betean musikan aritzeko irakasle lanak utzi nituen-eta.

2. Lehen lanaren ardatza, deserria. Ez zegoen gai alaiagorik?

Seguru baietz, baina azken urteetan bizi eta ezagutu ditudanekin, iruditzen zitzaidan gaiak bazuela nondik tiratu; inkomunikazioaz, bakardadeaz edo bizitzaz hitz egiteko aukera ematen zidala. 

3. Letrak ez dira edonorenak...

Saiatu naiz benetan gustuko ditudan poetak sartzen, hemengoak eta kanpokoak, baita beste garaietakoak ere. Deserria ikuspuntu ezberdinetatik nola ikusten den jaso gura nuen. 

4. Zu zeu inoiz sentitu zara deserriratuta?

Euskal Herrian, badira deserri behartuak. Hautazkoak ere badaude: nire kasuan, lan hau Ken 7tik aparte egitea. Gainera, gorputzari eta emozioei kasurik egiten ez dien gizarte baten bizi gara, eta deskonexio hori ere deserria da.

5. Zer ikasi duzu diskoa egiteko prozesuan?

Erantzukizun dena neure gain izanda, zalantza uneak asko izan dira; baina horiei erantzuteko gai naizela ikusita, satisfazioa ere handia izan da. Profesionalki eta pertsonalki aberasgarria izan da.  

6. Agertokia, berdin ikusten al da bakarrik edo taldean aritu?

Diskoa pertsonalagoa da, gehiago biluztu izanaren sentsazioa dut. Kontrakoa izan behar dela dirudien arren, agertokian ni-agoa sentitzen naiz: hauskortasun horretan, babestuago, indartsuago. 

7. "Zer gertatuko da Ken 7rekin?" galdetuko dute askok beldurtuta.

Bere ibilbidea jarraituko du. Ulertzen dut jendearen kezka, baina abenduan, esaterako, disko bat aterako dugu Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin. Niretzat bizirik dagoen proiektu bat da.

8. Arrakastatsua izatea garesti ordaintzen al da?

Norberaren esku dago, jarreraren araberakoa ere bada: jakin behar da agertokira igotzen eta agertokitik jaisten; egoa gailendu ez dadin oinak lurrean izaten. 

9. Zer suposatzen dute zaleek zuentzat?

Motorra dira. Ken 7 sorkuntza tailerra da: irabazien zati handiena hurrengo proiektuetan inbertitzen dugu. Horren oinarria jendearen harrera da: euren babesik gabe ezingo genuke egin duguna egin.

10. Zutaz gain, zein parekotasun dute fisikak eta musikak?

Fisika irakasle izan naiz ikastola baten, eta iruditzen zait ikastoletan euskara eta euskal kulturaren aldeko lan handia egiten dela. Baina gustura ibili arren, sentitzen nuen ez zela nire bidea.

--------------------

Makila magikoa baneuka: "Ez dut makila magikoetan sinesten, ikusten duten-eta, baita Euskal Herrian dugun egoeran ere, ekin beharrean makilaren zain gaudela. Baina gustatuko litzaidake gure herriarentzat askatasuna lortzea; Eliza eta botere ekonomiko eta politikoen lotura eta diktadura guztietatik aske ikustea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak