Zabalondok Joxan Lizarribar ordezkatuko du lehendakari karguan ―apirilean hil zen―, eta Arregik, Joanmari Larrarte. Berriak hamar urte betetzearekin batera kargua uzteko asmoa aurrez jakinarazia zuten Lizarribarrek eta Larrartek.
Beatriz Zabalondo (Elgeta, Gipuzkoa, 1961) Ingeniaritza Teknikoa eta Kazetariza ikasia da, eta itzulpengintzan eta hizkuntzari lotutako jardunetan aritu da batez ere: ETBn gidoiak itzultzen, egokitzen eta zuzentzen, eta telesail batzuen hizkuntz arduradun; Euskaldunon Egunkaria-n eta Berria-n euskara taldeko kide izana da, eta bi egunkari horien estilo liburuak idazten parte hartu zuen. EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko lehendakari izana da, eta irakasle ere jardun du, Mondragon Unibertsitatean eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. 2011z geroztik da Berria Taldeko administrazio kontseiluko kide.
Iban Arregi (Azpeitia, Gipuzkoa, 1975) Komunikazio Zientziak ikasia da. Euskarazko hedabideei lotuta garatu du jardun profesionala: ETBn hasi zen lanean, eta berehala Euskaldunon Egunkaria-ra joan zen, kazetari; hura itxi zutenean, Berria Taldean jarraitu du, kudeaketa arloan. Azpeitian, Uztarria kultur koordinakundearen sortzaileetakoa izan zen, eta lehen presidentea.
Beste hiru kide berri ere izango dira administrazio kontseiluak: Pilar Kaltzada ―kazetaria, eta komunikazio estrategian aditua―, Idurre Maortua ―irakaslea eta Anboto aldizkariaren sorrerako taldeko kide eta kudeatzaile ohia― eta Gartzen Garaio ―diseinuan, itzulpengintzan eta komunikazio esparruan aritua, eta Aiaraldea.com webgunea kudetzen duen Aiaraldea Komunikazio Leihoa elkarteko kidea―. Kargua utzi dute Nagore Amondarainek, Alazne Iruretagoienak eta Abel Ariznabarretak.
Kide hauek izango ditu, beraz, administrazio kontseiluak: Beatriz Zabalondo (lehendakaria), Josu Amezaga (lehendakariorde), Iban Arregi (kontseilari ordezkari), Edurne Alegria, Joxean Alustiza, Gartzen Garaio, Gurutze Izagirre, Pilar Kaltzada, Joanmari Larrarte ―urtebetez jarraituko du―, Emilio Majuelo, Idurre Maortua.
(Iturria: Berria).