Aurtengo BH-Klip lehiaketak baditu saridunak

Ezohiko eguna izan da gaur, egubakoitza, Arrasateko azokan, ukitu berezia eman baitio Arizmendiren BH-Klip lehiaketak. Lehiaketaren bosgarren edizioa izan da aurtengoa; eta Kontsumoaren katea, aukeratutako gaia. Abiapuntu horrekin, 29 ikus-entzunezko aurkeztu dituzte bailarako ikasleek eta, gaur goizean zehar, azokan hutsik dagoen postu batean proiektatu dituzte. 'Katean loturik' eta 'Kontsumoaren katea' lanak saritu dituzte.

09:00etan hasi dira hutsik dagoen azokako postu batean lan guztiak proiektatzen; 29 ziren guztira, eta pare bat ordu iraun ditu emanaldiak. Ez zen askorik falta saria eramango zuten lanak zeintzuk izango ziren jakiteko, ezta luncherako ere. Eta azken horretarako, hain justu, generoa erosten zuten bitartean, lehiaketan parte hartu duten ikasleak eta azokako saltzaile eta erosleak entretenitzeko, Maddi Labayen eta Ane Zuazubiskar bertsolariek kantuan jardun dute, baserritarren postuen inguruan. 

Sarituak

Eta ostean, etorri da sariak banatzeko umea. Aurten Debagoieneko DBH 3. Eta DBH 4. mailetako zein Batxilergoko ikasleek izan dute parte hartzeko aukera eta 29 lan aurkeztu dituzte guztira, eta bik eraman dute saria: Epaimahaiaren Saria Katean loturik lanarentzat izan da (egileak: Deiane Marcos, Maialen Gallastegi eta Sara Agiriano); eta Ikuslearen Saria, Kontsumoaren katea lanarentzat (egileak: Alba Saez, Nagore Gomez eta Mireia Cabrera).

Epaimahaiaren Saria: 

Ikuslearen Saria:

Ikuslearen Saria nori eman BH-Klip blogean botoa emandakoek aukeratu dute; blogean zintzilikatuta egon dira lan guztiak eta 250 bototik gora jaso dira. Bestalde, epaimahaikideak izan dira: Arkaitz Biain, Amaia Txintxurreta, Agurtzane Elkoro eta Elena Errasti. 

Saritutako taldekideetako bakoitzak bideo kamera digital bat jaso du.

Ideia oparo eta originalez beteriko lanak aurkeztu dituzte parte-hartzaileek, irudi zein argazki aldetik. Horixe nabarmendu dute antolatzaileek.

 

Sormena sustatzeko tresna

Gazteek ia jatorrizko duten lengoaia baten gogoeta egin eta sormena sustatzeko tresna ezin hobea bilakatu da BH-Klip, iaztik Debagoieneko Bigarren Hezkuntzako ikasle guztiei zabalik dagoen bideo lehiaketa; lehen urtean proposamenak izandako harrera eta maila onarekin "sorpresa" hartu zutela dio Arizmendi Ikastolako Edurne Baltzategik.

Bagara eta Huhezirekin elkarlanean

Arizmendik Bagara Ekimena bidelagun izan du BH-Klip lehiaketan aurten (GOIENA Komunikazio Taldea, AZK eta Mondragon Unibertsitatearekin). Bagaran, Gureztatu ekimenaren bitartez, Arrasateko azoka biziberritzeko prozesuaren baitan sortutako ideia da kolaborazioa. Ekimenaren barruan badago azokan  haur eta gaztetxoen ikuspegia txertatzeko lantaldea eta, horrela, tematika honetara gerturatu gura izan dituzte gazteak. Gaian sakontzeko astia ere hartu dute, eta ez hori bakarrik: formazio saioa egin zuten Aretxabaletako HUHEZI fakultatean. Gaia landu zuten eta, unibertsitateko irakasleekin, gidoigintza eta teknikari buruzko irizpideak eskuratu zituzten ikasleek. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.