M30: Askotariko erantzuna aurreikusten da Debagoienean

Goiatz Arana Begiristain 2013ko mai. 30a, 02:30

Euskal gehiengo sindikalak greba deialdia egin du gaurko, hilak 30, eta askotariko erantzuna izatea aurreikusten da gure bailaran. Jaso ahal izan ditugun datuen arabera, hezkuntzan eta udaletan izango du erantzun handiena; langileen gehiengo handi batek egin du bat grebarekin. Aldiz, enpresa arloan, kooperatiben gehiengo zabalak ez du grebarik egingo, eta gainerako enpresetan denetik izango da. Osasun arloan, gutxieneko zerbitzuak izango dira Arrasateko ospitalean. 

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU eta CNT sindikatuek deitu dute greba orokorra, eta deialdiarekin bat egin dute hainbat alderdi politikok (EH Bilduk eta Sortuk, tartean) eta eragile sozial ugarik (AHT Gelditu! Elkarlana, Askapena, Bilgune Feminista, Ikasle Abertzaleak, Pentsionistak Martxan...).

"Greba orokorra beharrezkoa da"

"Krisia hasi zenetik, gobernu ezberdinak ezartzen ari diren politikek emaitza bakarra izan dute: krisian are gehiago sakontzea. Bizi dugun egoera ez da krisi ekonomikoaren ondorioa, krisiaren aitzakian martxan jartzen ari diren politiken ondorio baino. Politika hauen helburua herritarrak pobretzea eta eskubideak kentzea baino ez da", diote grebaren deitzaileek. 

Euren esanetan, "Madrileko gobernuak inposatu egiten du dekretu eta oinarrizko lege bidez, eta Iruñea eta Gasteizko gobernuek, gehiengo sozialari egindako eraso hauei aurre egin beharrean, inposaketok onartzeaz gain, euren eremuan politika antisozial berdinak eta pobretze masiboa dakartenak ezartzen dituzte". "Politika horien norabidea aldatzera behartu behar ditugu, eta modu bakarra borroka eta mobilizazioa dira", diote.

Baldintza duinak "exijitu" dizkiete instituzioei: "Euskal Herriko instituzioei exijitzen diegu euren lehentasun nagusi eta bakarra ez daitezela izan banka eta multinazional handiak, hemen bizi eta lan egiten duten herritarrek bizi baldintza duinak izatea baino, enplegu duina, kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak eta prestazio sozial egokien bidez".

Gaurko deitutako greba orokorra beharrezkoa eta ezinbestekoa da, euren esanetan, baina ez hori bakarrik: "Beharrezko salaketa eta borroka honekin batera urrunago joan behar da, alternatiba eraiki behar da. Greba orokor honek indarrak bildu, borrokatu eta Euskal Herriarentzako alternatiba eraikitzeko prozesuaren bultzada ere izan behar du. Eredu ekonomiko eta sozial propioa, Euskal Herriaren eta Euskal Herriarentzat erabakia eta gehiengo sozial langilearen parte-hartzearekin erabakiko dena, ez elite ekonomikoarekin". 

"Greba orokorrak ez du ezer konpontzen"

Gaurko greba orokorrak ez du "ezer" konpontzen, Gipuzkoako enpresarien elkarteko presidente Pello Gibelalderen arabera, eta "ostiralean txiroagoak izango gara". Irakurketa hori egin du Gibelaldek gaurko deituta dagoen greba orokorraren inguruan: "Ez dute ezer konpontzen, enpresek, langileek eta gizarteak behar dutenari eta lehiakortasunari dagokionean".

Proposamen ekonomiko eta sozialen inguruan hausnarketa bat egitera deitu du, eta erantsi du egoerak ez duela "amaiera onik" izango, "ez badugu ematen eman behar dugun guztia". Greba orokorrek "konfrontazioaz aparte ez diete ekarpen positiborik egiten enpresei, langileei, familiei ezta gizarteari ere", Gibelaldek esan duenez.

Debagoienerako aurreikuspena

Enpresei dagokienez eta herriz herri, Arrasaten Fagor osoak lan egingo du, baita Ikerlanek, Gameik eta Polmetasak. JMAn egingo dute greba, eta Gelman langile bakoitzak erabakiko du zer egin. Bergaran Arcelorren, Torunsan, Metagran eta Lazpiurren egingo dute greba, eta TTTn eta Deba tornillerian ez. Oñatin, Ulman, Forja lantegikoek bakarrik egin dute bat deialdiarekin, eta gainerako enpresetan Garayk eta Cegasak. Grebarik ez Fagor industrialen, Zahorren, Nemesio Zubian eta Txintxurretan. Aretxabaletan, Coprecin ez dute egingo, eta Eskoriatzan Zubia pateak enpresan eta Fagor Ederlan eta Etxetresnetan ere ez. Leniz Fundizioetan, ostera, egingo dute. Antzuolan, Balzers-Elayn greba, eta Matz Errekan ez. Azkenik Elgetan Alfadecon egingo dute bat deialdiarekin. Hainbat enpresatako datuak ezin izan ditugu jaso, besteak beste, batzuk bozketa egin gabe zutelako oraindik. 

Hezkuntzan, Arrasaten, Herri Eskolan eta bi euskaltegietan greba izango da, eta institutuetan irakasle talde batek egingo du. Bergaran, Mariaren Lagundian ez da grebarik izango haurtzaindegian izan ezik, eta Miguel Altunan irakasle eta ikasle bakoitzak erabakiko du zer egin. Gainerako zentroetan greba izango da Bergaran. Oñatin greba izango da Urgaineko zentroetan eta Udal euskaltegian, eta ez Txantxiku Ikastolan eta Elkar Hezin. Aretxabaletan, Kurtzebarri DBHn bakoitzak ikusiko du greba egin edo ez; gainerako zentroetan egin egingo dute. Eskoriatzan itxita egongo da Luis Ezeiza eta normal jardungo du Huhezik. Antzuolako eskolan greba egingo dute, nahiz eta gutxieneko zerbitzuak egongo diren. Elgetako eskolaren eta haur-eskolaren kasua ere horixe da. 

Udalei dagokienez, Aretxabaletan nahi duenak egingo du greba, baina Kirol etxea itxita egongo da eta baita kultur etxea ere arratsaldean bi orduz izan ezik. Bailarako gainerako udal langileek greba egingo dute. Arrasaten gutxieneko zerbitzuak izango dira hilerrian, Iturbide egoitzan eta garraio zerbitzuan.

Osasun zerbitzuetan, gutxieneko zerbitzuak izango dira Arrasateko ospitalean, eta anbulatorioetan bakoitzak ikusiko du zer egin. Bergarako anbulatorioko medikuek ez dute grebarik egingo. 

Greba egingo dutenen eta ez dutenen zerrenda osoa ikusteko, klikatu hemen.

Mobilizazioak

Mobilizazioei dagokienez, Oñatin 12:00etan, Arrasaten 18:30ean eta Bergaran 19:00etan izango dira manifestazioak. Horiez gain, ekintza gehiago ere antolatu dituzte bailaran; ekintza guztien berri, hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak