Eraikuntzako Renove plana sortu da, 13.700 lanpostu sortzeko helburuarekin

Leire Kortabarria 2013ko mai. 29a, 15:08

Hurrengo hiru urteetan, EAEko 52.000 etxebizitza birgaitu ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzaren Renove Plan berriak banatuko dituen 81,5 milioi euroko dirulaguntzekin. Iñigo Urkullu lehendakariak eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Maria Aburtok gaur goizean aurkeztu dute plan hori. Beste helburu nagusia lanpostuak sortzea da: 13.765, hain zuzen ere.

Eraikuntza sektoreak hamar lanpostutik hiru galdu ditu 2008a ezkero. Horregatik, Urkulluren iritziz, "beharrezkoa" da etxebizitza arloan jardutea; kontuan izanda, gainera, EAEko bizileku-eraikinen % 53k 50 urte baino gehiago dutela; % 15ek lanak egiteko beharra dute, ez direlako irisgarriak edo ez dutelako igogailurik.

Eusko Jaurlaritzak 941 milioi euro inguruko baliabide ekonomikoen bolumena mugitu nahi du (laguntza zuzenak gehi eragindako inbertsioa) eta gutxienez 13.765 lanpostu sortu eraikuntzaren sektorean 2013-2016 aldian. Lanpostu horietatik 3.146 aurten sortuko dira.

Renove plan horren barruan, etxebizitza indibidualak edo eraikin osoak goitik behera birgaitu ahal izango dira; espazio eta ekipamendu publikoetan irisgarritasun obrak egin; eta hiriak birgaitu.

Iñigo Urkullu lehendakariak Gasteizen nabarmendu duenez, "eraikuntzaren merkatua dinamizatzeaz gain, Renove Planak % 20 murriztu nahi du energia-kontsumoa eta atmosferara botatzen diren karbono-dioxidoaren isuriak", 2020rako Europa Estrategiaren ingurumen-helburuekin bat.

Dirulaguntzak Makatzena eta Osintxu birgaitzeko

Ekintza motaren arabera, partikularrek, enpresek, jabeen elkarteek, udalek, tokiko erakundeek… eska dezakete dirulaguntza. Partikularren kasuan, ekintza hauetarako eska dezakete: eraikinak eta etxebizitzen edo merkataritza-lokalen bizigarritasun-baldintzak egokitzea; irisgarritasuna hobetzea; energia aurrezteko, instalazio edo baldintza termikoetan lanak egitea; edo eraikuntzaren edo etxebizitzaren akabera orokorra eraikuntza onaren irizpideak betetzeko.

Hiriak zaharberritzeko dirulaguntzen atalean, 2013-2016 aldirako jarduera batzuk erabakita daude; hain zuzen, 12 auzo edo alde, eta horien artean daude Makatzena, Arrasaten, eta Osintxu, Bergaran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak