Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak Mintza Egunaren zortzigarren edizioa antolatu dute, Elgoibarko Udalaren, euskaltegien, eta beste zenbait kultur eragileren laguntzarekin. Zapatuan izango da, ekainak 1, eta 300 mintzalagun inguru elkartuko dira Elgoibarren.
Mintzalagun, berbalagun zein mintzakide guztien jaia da Mintza Eguna, eta egitasmoetan parte hartzen duten kideek elkar ezagutu eta egun pasa ederra egiteko antolatzen da. Mintzapraktika mugimenduaren tamaina ezagutzera emateaz gain, ikasturteari bukaera goxoa eskaintzen dio jaiak. Urtero herri desberdin batean izaten da Mintza Eguna, baina mintzapraktika programak martxan dituzten eragile guztien arteko lankidetzari esker burutzen da; egitasmo horiek euskara elkarteek, euskaltegiek eta euskalgintzako beste zenbait eragilek kudeatzen dituzte.
Elgoibarko Izarrak, 50 urte; mintzapraktika egitasmoek, 20
Urtero bezala, bazkalostean sari banaketa izango da. Mintzapraktika egitasmoen bueltan lan berezia egin duten mintzalagun eta elkarteei omenaldi xumea da saria. Aurten, besteak beste, Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteak eta Donostiako Bagera elkarteak jasoko dute zilarrezko pina. Izan ere, Elgoibarko elkarteak 50 urte bete ditu, herrian euskararen alde lanean; aitzakia polita, zortzigarren Mintza Eguna bertan ospatzeko.
Bestalde, Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkartea izan zen mintzapraktika programak martxan jarri zituen lehena, eta 20 urte beteko dira aurten, hain zuzen ere, lehen taldeak abiatu zirenetik.
Euskaltzaleen Topagunea osatzen duten elkarte eta mintzapraktika egitasmoetako dinamizatzaileek lanaren aitorpena egin nahi diete bi elkarteei, Mintza Egunean saria emanez.
Egitaraua
Elgoibarko txokoak eta historia hobeto ezagutzeko, mintzalagunek elkar ezagutzeko eta mingainak dantzan jartzeko aukera eskainiko du zapatuan Mintza egunak. Goiz eta arratsalderako egitaraua prestatu dute:
- 11.00 Ongi etorria eta hamaiketakoa, Maalako parkean
- 12.00 Ibilaldi gidatua, Pello Arrieta historialariarekin
- 13:30 Mintza Kalejira, dultzaineroekin
- 14:30 Bazkaria, Maalako parkean
- 16.30 Sari banaketa eta bertsolariak
- 17:30 Euskal Erromeria, MP5 taldearekin
Mintzapraktika egitasmoak
Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin batzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko. Gaur egun 5.500 mintzalagun daude Euskal Herri osoan, eta urterik urte gora egiten du izen emateak. Bospasei lagunek osatutako talde txikiak dira, eta astean behin biltzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena ere hartzen dute, besteak beste, eta Euskal Herri osoko 80 herri eta eskualdetan zabalduak daude. Azken urteetan, bereziki indartu dira hirigune handietako egitasmoak (Donostialdea, Gasteiz, Iruñerria eta Bilbo inguruko eskualdeak).
Topagunea
Euskaltzaleen Topagunea 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 96 euskara elkartek osatzen dute. Elkarteon zein mugimenduaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte: haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.