Bestalde, lan elkartuko 149 kooperatiba sortu ziren iaz Euskadin, eta Erkidek 59 kide berri egin zituen horien artean; horrenbestez, 2012. urtea 844 kooperatibarekin bukatu zuen. Ekitaldiaren balorazio ona egin zuen Erkidek joan den egubakoitzean, prentsaurrekoan.
Krisia bizi dugun arren, Erkidek 2011n baino kooperatiba eta lanpostu gehiagorekin bukatu zuen urtea, eta hori azpimarratu zuten arduradunek.
2013rako helburua da beste 500 lanpostu sortzea. "Badakigu ez dela erraza izango, baina gure bokazioa hori lortzea da, kooperatiba berriak sortuz (120 aurreikusten dira) eta oraingoek dituzten lanpostuei eutsiz edo oso gutxi murriztuz". Horretarako, Erkideko arduradunen iritziz, "kooperatiba askok soldata aldeko sakrifizioak egin beharko dituzte, eta kooperatiben arteko elkartasun eta laguntasun printzipioak jarraitu beharko ditugu oraindik ere". Azpimarratu zutenez, urteko lehenengo lauhilekoan 42 kooperatiba berri sustatu dira.
Iaz baino % 2,4 gutxiago fakturatu dute
Espainiako edozein erkidegotan baino lan elkartuko kooperatiba gehiago sortu ziren iaz Euskadin, bigarren urtez jarraian. Andaluzian 140 sortu ziren, eta Katalunian, 115, Erkidek eman zituen datuen arabera.
Fakturazio aldetik, 7.403.160.000 euro fakturatu zituzten Erkideko lan elkartuko 2012an, aurreko urtean baino % 2,4 gutxiago.
Ekonomia alderdiez bestalde, lortutako hainbat gauza gogoratu zituzten Agustin Mendiola zuzendariak eta Juan Mari Concha presidenteak: besteak beste, kooperatibetako errelebo kontratuen inguruan zeuden arazoak konpondu izana; kostuak kalkulatzeko eta kontrolatzeko programa bat egin izana, 13 kooperatibak parte hartuta; osoko aginte taldeak sortzeko beste programa bat egin izana, 12 kooperatibarekin; edo MerkaErkide plataforma komertziala sortu izana.
Batzar orokorra, bihar
Bihar, eguena, bere batzar orokorra egingo du Erkidek Miñaoko parke teknologikoan, 11:00etan, Juan Mari Aburto Enplegu eta Gizarte Politikarako sailburuak irekita.
Bukaeran, Intermoneyko ekonomialari-buruak, Jose Carlos Diezek, hitzaldia egingo du, honako izenburuarekin: Análisis sobre el previsible recorrido que resta a la crisis económica actual.