Adela Gonzalez: "Zaila da moderatzaile moduan zure iritzia ez ematea"

Txomin Madina Milikua 2013ko mai. 30a, 02:00

Bikiak izan eta telebistatik aparte egon ostean, aurkezle moduan esparru ugaritan eskarmentua duen lasartearra 'ETB Hoy' saioko debatearekin itzuli da pantaila txikira.

1. Bada hilabete pasatxo saioa hasi zela; gustura?

Oso pozik. Debateen kontuak bere ezaugarri propioak ditu; batez ere, denborarekin tertuliakideekin sortu behar den konplizitatea. Pozik nago; programa erritmo eta tonu ona hartzen ari da.

2. Moderatzailea izanda, zure iritzia ez emateak ez dirudi erraza...

Galderak pentsatu behar dira, eta burutik pasatzen zaizun lehen gauza ez esaten saiatu: zuk galderak egiten dituzu, besteak dira iritzia ematen dutenak. Zaila da, baina praktika kontua ere bada.

3. Gaur egun debateak inoiz baino beharrezkoagoak al dira?

Eztabaidatzea beti da beharrezkoa. Esparru denetako eta profil ideologiko ezberdinetako jendearen iritzia entzutea aberasgarria da ez bakarrik telebista publiko batendako, baita gizartearentzat ere. 

4. Zerk ezberdintzen du zuen debatea besteetatik?

Euskadiko ikuspuntuak. Ez da gauza bera ustelkeria edo lan erreformak leku geografiko batetik edo bestetik lantzea. Ezberdintzen gaituen idiosinkrasian zentratu behar dugu. ETBen egindako saioa da Euskadiko jendearentzat.

5. Gaurkotasunak zein puntura arte sortzen du mendekotasuna?

Ad infinitum. Gailu mugikorrekin, aukera asko dituzu eskura: lanetik irten eta beti begira nabil. Etxean irratia beti piztuta dut.

6. Ama izan zara. Gizona bazina, horri buruz galdetuko nizuke?

Zergatik ez? Egun, eta nire senarra horren adibide da, gizonak umeen eta etxeko lanen partaide egiten dira ez %50ean, %80an  edo %100ean baizik. Galdera egin beharko zenidake; kazetari moduan muga horiek gainditzen joan behar dugu.

7. Bide batez, nola doa kontua?

Oso ondo moldatzen naiz, senarra bete-betean inplikatzen da-eta. Bera ez balego, ezingo nintzateke antolatu. Uztartzen dut. Zaila dela? 22:00etan nekatuta amaitzen dudala? Bai; baina ez dut uste bakarra naizenik edo beste emakume askok baino meritu handiagoa dudanik.

8. Zapping egiten bazabiltza, zeren aurrean geratuko zara?

Gauean ikusten dut telebista. Informatiboekin zapping asko egiten dut nor eta zertan dabiltzan ikusteko. Entretenitu eta, batez ere, barrea eragiten didan zerbaitekin geratzen naiz; hainbeste kontu gogorren inguruan egiten dugu berba... 

9. Zapatu gauetan, zein plan?

Umeen hazkuntzan nagoen honetan, eguen edo astelehen bateko plan bera. Hilabete batzuk barru hasiko naiz irteten. Baina atseden hartzearekin, afari on batekin, pozik!

10. Iñaki Lopez ikustea esango zenuela uste nuen...

Bai, ez da bateraezina. Baina zapping asko egiten dut; batzuetan Iñakirekin geratzen naiz engantxatuta. Oso ondo egiten du, ezta?

--------------------

Makila magikoa baneuka: "Bihotzez nahiko nuke langabezia tasa zero izatea; denok izatea lana eta errealizatzeko aukera. Osasunean, alzheimer eta minbizia ezabatuko nituzke, maite nituen bi pertsona horiengatik galdu nituen-eta. Hirugarren ukituan eskatuko nuke nire bikiak, Eneko eta Andrea, osasuntsuak izatea eta euren bizitzan gauzak ondo joatea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak