Metalgintzako Debagoieneko enpresa handi gehienek bat egin dute greba deialdiarekin

Txomin Madina Milikua 2013ko mai. 24a, 18:03

ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek deituta, greba eguna ari da izaten gaurkoa Gipuzkoako metalgintzan. ELAtik jakinarazi dutenez, ibarrean greba izaten ari den jarraipenaren balorazio positiboa egiten dute. Adegitik bestalde, grebaren jarraipena  askotarikoa ari dela izaten azaldu duten.

Langile kopuruari dagokionez Gipuzkoan handiena den sektoreko, hau da, metalaren sektoreko negoziazioa izoztuta dago apirilaren 9az geroztik Adegi patronalaren eta sindikatuen artean; lan hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatzeko, greba eguna deitu dute gaur Gipuzkoako metalgintzan LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek.

"Debagoieneko enpresa handietan, ia erabatekoa"

Patxi Zubizarreta ELAko metaleko arduradunak grebaren balorazio positiboa egiten du. Bere esanetan  Debagoienean enpresa handietan jarraipena ia erabatekoa ari da izaten, eta enpresa txiki gehienak ere geldi daude. Oñatin, Txintxurreta, Stadler, Nemesio Zubia eta Cegasa enpresako langileek bat egin dute grebarekin. Garay lantegian ez dute deitu grebarik, dagoeneko blindatuta dagoen lan hitzarmena dute eta bertan.

Antzuolako Elay eta Bergarako Arcelor eta TTT enpresetan ere greba egin dute; ez ordea Bergarako Metagra, Iraundi eta Lakorrek. Bergararen kasuan, enpresa txiki gehienak geldi daudela gaineratu du ELAko ordezkariak. Arrasaten, Polmetasak ere bat egin du grebarekin; Gelman bestalde, langile bakoitzaren aukera izan da lanera joan edo ez. Eskoriatzaren kasuan, Tesa eta Ezkurra ere geldi daude gaur.

"Lehiakortasuna ez da grebekin berreskuratuko"

Adegi patronalak bestalde grebaren jarraipena askotarikoa izaten ari dela esan du, eta enpresek galdu duten lehiakortasuna ez dela grebekin berreskuratuko gaineratu.

Patronalaren esanetan metaleko enpresen eta langileen erronka nagusia lehiakortasuna da, eta lurraldeko hitzarmena lehiakortasunaren zerbitzura egon beharrko tresna izan beharko litzateke. Soldatak eta lan jardunak mantenduko dituen lurraldeko hitzarmenen aldeko apustua egiten dutela gaineratu dute ADEGItik.

Ekainerako beste greba deialdi bat

ELA sindikatuak bestalde, ekainerako beste protesta baterako deia egin du. Astebeteko greba antolatu du sektorean, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izango du eragina.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak