Bizardunak taldearekin ospatuko dute Elgetan 'Berria'-ren 10. urteurrena

_ 2013ko mai. 24a, 20:00

Bihar, zapatua, eskainiko du kontzertua talde nafarrak Espaloia Kafe Antzokian.

Hamar urte bete ziren otsailaren 23an Auzitegi Nazionalaren agindu batek Euskaldunon Egunkaria itxi zuenetik. Hilabete barru beste hainbeste urte izango dira, herritarren babesarekin, Berria egunkaria sortu zutenetik. Ospakizun garaia da, beraz. Eta egungo euskarazko prentsaren egoera samurra ez bada ere, Berria Taldeak urteurrena ospatzea erabaki du, urte hauetan jasotako laguntza eskertu nahi duelako.

Eskualdez eskualde, Euskal Herri osora zabaldu den kultura bira egiten ari da horretarako. Debagoieneko hitzordua Elgetan izango da bihar, zapatua, 22:30ean hasita. Bizardunak talde nafarrak kontzertua emango du Espaloia Kafe Antzokian.
Folka eta rocka lantzen dituen taldeak iaz kaleratutako azken diskoa aurkeztuko du, Ur ederra kirats infinituan.

'Berria'-ren bideoa

Kontzertuaren aurretik, egunkariari buruzko 15 minutuko bideoa emango dute. Kultura birako ekitaldi guztietan ari dira ematen ikus-entzunezkoa eta Berria zer den azaltzen saiatu dira bertan. Ez, ordea, ohiko ikuspegiarekin, zerbait arina egiten saiatu direlako. Hedabidea osatzen duten esparru ezberdinetako pertsonen sentsazioak eta burutazioak ardatz hartuta erakutsi dute duela hamar urte sortutako egitasmoa. Sei-zortzi esketxekin osatu dute bideoa eta irakurle, kolaboratzaile, kazetari zein Berrialagunek azaldu dute euren ikuspegia.

Juan Mari Larrarte egunkariko Gobernu Kontseiluko idazkaria Elgetako ekitaldian egongo da. Hark zuzenduko dizkie esker hitzak irakurleei Berria egunkariaren izenean.

Ekitaldiak eskualdeka

Irakurleak Euskal Herri osoan dituenez, kultura bira ahalik eta leku gehienetara eramaten saiatu dira, eta ia eskualde guztietan  programatu dute zerbait. Antolatzaileen esanetan, Debagoienekoa berezia izango da: batetik, gauean delako; eta bestetik, Bizardunak taldearen izaeragatik beragatik.

Eguna heldu aurretik, antolatzaileek eskerrak eman dizkiote Espaloia Kafe Antzokiari, musu truk emandako laguntzagatik. Herritarrak ere gogoan izan dituzte, ekitaldi hori iragartzeko egindako ahaleginagatik. Behar izan duten guztietan laguntza jaso dutela azpimarratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak