Greba eguna gaur, Gipuzkoako metalgintzan

Goiatz Arana Begiristain 2013ko mai. 24a, 11:04

Gipuzkoako 50.000 langile daude deituta greba egitera gaur, hilak 24;  Debagoieneko 175 bat enpresako 5.000 eta 6.000 langile artean, tartean. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute greba, lan hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatzeko.

Metalaren sektoreko –Gipuzkoako handiena, langile kopuruari dagokionez– negoziazioa izoztuta dago apirilaren 9a ezkero Adegi patronalaren eta sindikatuen artean. LABek salatzen du, uztailaren 7a baino lehenago hitzarmena berritu ezean, lan-erreforma aplikatuko dela eta, beronen eraginez, hitzarmena desagertu egingo dela. Horren eragina azaltzen du LABek: "Estatuko Metalgintza Hitzarmena ezar liezagukete, eta estatu mailakorik ezean, Langileen Estatutua. Honekin batera ezarriko liguketen urteko soldata 8.979 eurokoa izango litzateke 1. mailako ofizial batentzat; 1.826 ordutako lanaldia eta hitzarmenak ematen dizkigun eskubide gehienak galduko genituzke".

Adegiren proposamena

Adegiren proposamena da "probintziako hitzarmenari eustea, soldata eta lan-jardun berberekin eta legea aplikatuta". Adegiren iritziz, Gipuzkoako metaleko enpresek "lehiakortasun arazo larria" dute, "azken hamarkadetan lan-kostuak produktibitatea baino askoz gehiago handitu direlako", eta sindikatuei egozten die "egoerarekin bat ez datozen proposamenak" egitea.

Gipuzkoan 50.000 langile baino gehiago daude metalgintzaren sektorean, baina gehiengoa duen sindikatuak, ELAk, ez du greba deitu 30 bat enpresatan, lan erreformaren aurkako klausulak hitzartu baitituzte horietan.

Astebeteko greba proposatu du ELAk

Hain justu, sindikatu horrek beste protesta baterako deia egin du. Astebeteko greba antolatu du sektorean, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izango du eragina. Gainerako sindikatuei ere elkarlanerako proposamena egin die ELAk, batez ere LABi. Ekainaren 17tik 21era egingo lituzkete mobilizazioak.

Sindikatuak jakinarazi du "negoziatzen ari diren enpresetako langileentzat" dela greba. Sindikatuaren esanetan, "mobilizazio proposamenak ADEGIk, SEAk eta CEBECek egiten duten blokeoa apurtuko du". Uztailaren 7an, lan erreformaren eraginez, Bizkaiko 55.000 langile, Gipuzkoako 50.000 eta Arabako 12.000 gera daitezke lan hitzarmenik gabe.

Debagoienean, dagoeneko enpresako lan-hitzarmena dute Garayko, Elay taldeko, Arcelor Bergarako eta Tesako langileek.

LABek deitutako mobilizazioak

Gaurko greba egunaren harira, LAB sindikatuaren egitaraua ondorengoa da:

  • Goizean zehar pikete informatiboak.
  • 11:30ean ADEGIn kontzentrazioa (autobusak Arrasatetik 10:15etan, eta Bergaratik 10:30ean).
  • 18:30ean eskualdeko manifestazioa, Bergarako plazatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak