Eroskik 3.000 produktu merkatuko ditu

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko mai. 23a, 20:40

Bezeroak erakartzeko ekimen berria abiaraziko du Eroskik: ekainean 3.000 produktu merkatuko dituela aurreratu du. 2012ko emaitzak aurkeztu berri ditu eta 121 milioi euroko emaitza negatiboarekin itxi zuen ekitaldia.

Bezeroak fidelizatzeko programa berri bat jarriko du martxan Eroski Taldeak ekainean eta, horren barruan, erosketako produktu garrantzitsuenak orain baino merkeago salduko ditu. Dendaren tamainaren arabera produktu gehiago edo gutxiago erosi ahal izango dira merkeago, eta, denda handienetan, 3.000 produktu izango dira. Iaz, 2013-2016 plan estrategikoa egin zuen Eroskik, eta bertan jasotzen zen fidelizazio programa hori.

Baina Eroskik ez du uste prezioa merkatzea denik bezeroak erakartzeko modu bakarra. Herritarrek kalitatezko eskaintza eta zerbitzua ere aintzat hartzen dituztela uste du, eta saltokiak horretara moldatuko ditu.

Denda eredu berria

Azkenaldian denda eredu berritua probatzen aritu dira Zarauzko hipermerkatuan eta Iruñeko supermerkatu batean, eta emaitza onak jaso dituzte: %9 handitu dira bisitak eta %15 salmentak. Era berean, Oñatiko supermerkatuan energia aurrezteko indarrean jarritako neurriak beste 20 saltokitara ere hedatuko dituztela aurreratu dute. Guztira, 65 supermerkatu berri ireki nahi ditu aurten, gehienak frankiziak.

2012 urteko emaitzak

Prentsa oharrean eman du horren guztiaren berri Eroskik eta horrekin batera, 2012 urteko emaitzak ere azaldu ditu. 121 milioi euroko emaitza negatiboarekin itxi zuen iazko ekitaldia. Horren arrazoiak dira: gutxiago saldu izana, kontsumoa ahul dagoelako; sare komertziala saneatu duela; prezioak jaitsi dituela; eta bere zorra 44 milioitan txikitu duela. Emaitza negatibo horren beste arrazoietako bat da Eroski Kooperatiba Elkarteak, Eroski Taldearen enpresa nagusiak, 214 milioiko dotazioa egin zuela iaz.

Ohiko emaitzak alde batera utzita, Eroski Taldeak 70 milioi euroko emaitza negatiboa izan du, aurreko ekitaldian baino % 15 hobeto. Taldeak azpimarratzen du bere EBITDA 265 milioi eurokoa izan zela, salmenta-zifraren % 4,2, eta gehitzen du Ebitda hori lortu dela barru-eraginkortasuna hobetuta eta 57 milioi euro gutxiago gastatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak