Alemanian lan egiteko 29 gazte aukeratuko ditu Lanbidek

Leire Kortabarria 2013ko maiatzaren 21a

Lanbidek 29 gazte aukeratzeko prozesua hasi du gaur Gasteizen. Hautatutakoak Alemaniako Saxonia Beherea eta Bremen estatuetan ikasi eta bertako enpresetan praktikak egingo dituzte, prestakuntza eta praktikak konbinatzen dituen hiru urteko programaren barruan. 

Martxoan, Lanbidek deialdiaren inguruko informazio-saioak antolatu zituen, eta gaur hasitako hautaketa-prozesua horien jarraipena da. Saiootan, Alemaniako Enplegu Zerbitzuak (ZAV) lehen hautaketa egin zuen. Deialdiak ezarritako baldintzak betetzen zituzten 46 pertsonaren artean, 38 aukeratu zituen. 

Hauexek dira prestakuntza eta praktikaldiaren xede diren lanpostuak: maîtrea, sukaldaria, ingeniaritza mekatronikoko teknikaria,  teknologia energetikoan espezializatutako argiketaria eta eraikinetako argiketaria, eraikuntza mekanikaria eta adinekoen zaintzailea. 

Oro har, prestakuntza praktikoa astean hiruzpalau egunetan izango da, eta gainerakoak prestakuntza teorikoari eskainiko zaizkio. Zikloaren amaieran, ikasleek espezialitatearen inguruko azterketa bat gainditu beharko dute Alemaniako lanbide-heziketako titulua eskuratzeko.  Horrez gain, programak aldez aurreko alemaneko ikastaro bat ere hartzen du baitan.

Hautaketak bihar jarraituko du Bilbon, eta eguenean Donostian amaituko da.

Lanbideren eta Alemaniako Enplegu Zerbitzuaren arteko lankidetza hurrengo hilabeteotan zehar luzatuko da, eta antzeko proiektuak garatuko dituzte.

Ehun lanpostu Danimarkan

Europako enplegu-zerbitzuekiko lankidetzaren barruan, Lanbidek estatu mailako hautaketa-prozesu bat aurrera eramango du Danimarkako Workindenmark (Danimarkako Eures sarea) atariarekin batera. Maiatzaren 27an izango da, Euskal Herriko Unibertsitateko Paraninfoan, eta bertan Danimarkako hainbat enpresatan 100 lanpostu betetzeko langileak aukeratuko dituzte.  Guztira 25 profil baino gehiago behar dituzte, hala nola ingeniariak, salmentaburuak, finantza-espezialistak edo osasun- eta segurtasun-espezialistak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak