Ander Lipus: "Etiketak azkar jarri eta ken daitezke, ez naute larritzen"

Txomin Madina Milikua 2013ko mai. 23a, 02:00

Xabier Mendigurenen 'Publikoari gorroto' lanarekin dabil aspaldion berez Iñigo Ibarra deitzen den markinarra; harekin berbetan, nabarmena da antzerkiarekiko duen sentimendua.

1. Publikoari gorroto lanarekin zabiltza. Zer egin dizu, bada?

Niri, ezer ere ez; baina pertsonaia, antzerkia hasi eta konturatu da bi ikusle bakarrik daudela. Burua joaten zaio eta publikoa torturatzen du. Besteak beste, antzerkira joaten ez direnei errieta da obra.

2. Antzerakorik bizi izan duzu? 

Ez askotan, baina inoiz bai. Herri baten hiru etorri ziren behin, eta bik ikusita zuten lana. Suspenditu egin genuen. Gogorra, latza da publikorik ez edukitzea.

3. Zerk bultzatzen zaitu obra bati baietz esatera?

Publikoari gorroto beste batek idatzita egiten dudan lehena da. Irakurtzean eragina izan zuen nigan: probokatzailea da, bortitza, itsusia... Ez ninduen axolagabe utzi.         Finean, antzerkia sentitzeko norberak duen erari fidela izatea da. 

4. Teatrotik kanpo oso gutxi ikusi zaitugu. Ez al da aktoreen helburua telebistan aberats egitea?

Nirea ez. Hautuak dira; nireak nire antzerki taldea eta Artedrama, Arte Eszenikoen Plataforma, dira. Norberak sinesten duena egin behar du. Batzuetan pozgarria da, bestetan gogorra; ni oso gustura nabil.

5. Zer falta zaio egun Euskal Herrian egiten den antzerkiari?

Garrantzitsua da sarea eta publikoa sortzea, eta publikoari material ona ematea; horretarako, lan handia egin behar da. Gazteendako aukerak ere igartzen ditut faltan.

6. Outsider bat zarela esaten badizute, zenbateraino ados?

Etiketak azkar jarri eta ken daitezke, ez naute larritzen. Nik egiten dudana nirea da. Ez dakit outsider-a edo komertziala den, gure obrak merkatu baten barruan daude; autonomiarekin egiten ditugu, eta aniztasun hori euskal antzerkian ezinbestekoa da. Gainera, nire lanen zati bat ez da prentsan agertzen.

7. Aktore irakasle ere ibili zara. Nola ikusten dituzu datozenak?

Ondo; baina eskola profesional bat ondo egongo litzateke; laborategi bat ere bai, obra pertsonalagoetarako. Gazteak badaude, eta gogo-

tsu; baina ez dago eskolarik, esaterako, dena euskaraz ikasteko.

8. Teatroa ikertu ere egin duzu.

Gero eta gutxiago; praktikoago bihurtu naiz: orduak sartu behar dira, ez da ordaintzen eta ezin da horretaz bizi. Bada zer ikertu, adibidez, euskarazko testugintzan.

9. Behin baino gehiagotan egon zara Indian. Zer eman dizu?

Kanpora joateak ematen dizu zure herrian, kulturan eta barruan dituzun gauzak deskubritzea. Ez bere osotasunean, baina antzerki kultura izugarria ere ikasi dut han.

10. Eguneko 24 orduetatik, zenbat antzerkitik kanpo?

Gutxi; denbora librean ohitura dut beste antzerki talde batzuk gidatzeko. Benetako etena egitean Kubara joaten naiz, emaztea kubatarra da-eta: han lasai nago.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Bihar [maiatzak 14], emazteak enbaxadan elkarrizketa dauka hona etortzeko: abeslaria eta pianista da eta haren ahizparekin bikotea osatzen du. Bira antolatu genuen hemen, baina ezin izan zen etorri, Espainiako enbaxadak oztopoak jarri zituelako. Habanan ere badauden Bizkaibusetako baten sartu eta hona ekarriko nituzke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak