Bergara eta Berioren partidua nahiko berdindua izan zen hasierako minutuetan. Bi taldeek ondo mugitu zuten baloia, baina gola egiten lehenengoak donostiarrak izan ziren. Zelai erditik sartu zuten gola; falta atera eta baloia inork ukitu gabe sareetan sartu zuten. Atsedenera joan aurretik Bergararen aldeko penaltia adierazi zuen epaileak; Berioko atezainak gelditu egin zuen baloia. Pare bat aukera garbi izan zituen Bergarak gola egiteko baina mahoneroek ez zuten atea zulatu.
Bigarren zatian, Beriok penaltiz egin zuen bigarren gola, eta hurrengo jokaldian Imanolek hegaletik egindako jokaldi baten ondoren Anderrek 2-1eko jarri zuen markagailuan. Gainera, Bergarak bi jokalari gutxiagorekin amaitu zuen lehia: Beretxinaga eta Nafarrete egotzi zituen epaileak. Hala, ez dute hurrengo neurketa jokatuko –ezta Baltzategik ere.
Ondartza urak hartuta zegoen
Aloña Mendik alperrik bidaiatu zuen Hondarribira. Ondartza futbol zelaia urez gainezka zegoen, eta partidua bertan behera utzi zuten. Martitzenean erabakiko du federazioak noiz jokatu partidua. Andoni Azkargortak uste du behin liga amaitu ondoren izango dela, izan ere bi taldeek ez dute ezer jokoan.