Probintziako hitzarmenaren aldeko grebara deituta daude 5.000 langile

Leire Kortabarria 2013ko mai. 23a, 02:00

Datorren egubakoitzean greba egitera deituta daude Debagoieneko 175 bat enpresako 5.000 eta 6.000 langile artean, denak metaleko sektorekoak. LABek deitu du greba eta ELAk bat egin du deialdiarekin. Helburua da Gipuzkoako, probintziako lan-hitzarmena sinatu dadin eskatzea.

Metalaren sektoreko –Gipuzkoako handiena, langile kopuruari dagokionez– negoziazioa izoztuta dago apirilaren 9a ezkero Adegi patronalaren eta sindikatuen artean. LABek salatzen du, uztailaren 7a baino lehenago hitzarmena berritu ezean, lan-erreforma aplikatuko dela eta, beronen eraginez, hitzarmena desagertu egingo dela. Horren eragina azaltzen du LABek: "Estatuko Metalgintza Hitzarmena ezar liezagukete, eta estatu mailakorik ezean, Langileen Estatutua. Honekin batera ezarriko liguketen urteko soldata 8.979 eurokoa izango litzateke 1. mailako ofizial batentzat; 1.826 ordutako lanaldia eta hitzarmenak ematen dizkigun eskubide gehienak galduko genituzke".

Adegiren proposamena da "probintziako hitzarmenari eustea, soldata eta lan-jardun berberekin eta legea aplikatuta". Adegiren iritziz, Gipuzkoako metaleko enpresek "lehiakortasun arazo larria" dute, "azken hamarkadetan lan-kostuak produkti bitatea baino askoz gehiago handitu direlako", eta sindikatuei egozten die "egoerarekin bat ez datozen proposamenak" egitea.

Elkartasunaren izenean

ELAren jarrera da enpresa bakoitzean lan-hitzarmen sendoak lortzea. Hala ere, probintziako lan-hitzarmena "erreferentziatzat" izatea "garrantzitsua" dela dio ELAk.

Horregatik guztiagatik, dagoeneko enpresako lan-hitzarmena duten langileak –Garaykoak, Elay taldekoak, Arcelor Bergarakoak eta Tesakoak– ere elkartasuna erakustera eta greba egitera deituko dituzte. Blindaje osoarekin, oraingoz, Garayko langileak bakarrik daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak