Bidegorria 8,5 kilometro luze da eta bere garrantzia "estrategikoa" azpimarratu du Larraitz Ugartek, izan ere, "herri arteko distantziak oso handiak" diren eskualde baten, bi herri lotzen ditu.
Bidegorriak hiru zati ditu:
Epele – San Prudentzio
San Prudentzio – Zubillaga
Zubillaga auzoa – Oñati
Bidegorriak 3,50 metroko zabalera du zati handienean. Bi lerrotan banatzen da: lerro bat bizikletentzat (2 metroko zabalera) eta beste bat oinezkoentzat (1,5 metroko zabalera). Dena den, zenbait lekutan erabilera mistoa du, ibilgailuak ere onartzen baitira.
Epele eta San Prudentzioren artean, bidegorria Vasco-Navarro trenbide zaharraren plataforman oinarritzen da. Horregatik, trazatu leuna du, bai oinplanoan bai altxaeran. San Prudentzioren eta Fanderiako poligono industrialaren artean ere, bidegorria trenbidearen plataformaz baliatzen da.
LED luminariak daude ibilbide osoan zehar, hiri tarteren batean eta industria-poligonoren batean izan ezik. Leku horietan, izan ere, egun dagoen argiteria erabiliko da. Lehen bi zatietan, jendea atzemateko sistema bat jarriko da, elektrizitatearen kontsumoa ahalik eta txikiena izan dadin. Hala, jendea hurbiltzen denean bakarrik piztuko dira argiak.