Debagoiendarrak ere Ondarroan, Urtza Alkortari elkartasuna adierazten

Goiatz Arana Begiristain 2013ko mai. 15a, 16:58

Oñati, Aretxabaleta eta Bergaratik joan dira, asteburuan batzuk eta atzotik gaur goizera bitartean beste batzuk; uneoro izan da bailarako jendea, bertan izan den oñatiar batek kontatu digunez. "Etsita eta triste gaude, herrian kontzientzia badagoen arren, estatuak ez duelako etsitzen", adierazi dio Goienari.

"Urtza Alkorta lan politiko batengatik atxilotzera zihoazen eta ekintza hori atzeratzera edo saihestera joan gara, era baketsuan", azaldu digu harresian izandako oñatiarrak. Bere esanetan, "protesta sinbolikoa" egitea zen euren nahia, "aro berri honetan atxiloketak ez direla bidea salatzeko", baina "EAJk erakutsi du ez dagoela prest Ertzaintzaren gisa honetako esku-hartzeekin bukatzeko".

"Donostian izandakoa baino jarrera bortitzagoa"

Ertzainek Ondarroan erakutsitako jarrera Donostian izandakoa baino "are bortitzagoa" izan da, bere hitzetan: "Hasieran nahiko lasai zeuden, baina bukaera aldera haserre eta euren onetik aterata azaldu dira. Denetik jaso dugu: ukabilkadak, borra-kolpeak, ostikadak, mehatxuak, irainak… Zapaldu egin gaituzte, ileetatik tiratu… Hemendik joandako guztiek jaso ditugu hainbat kolpe, baina Oñatiko neskatila batek bereziki; botaka aritu da ostean". 

Alkortari babesa ematera joandakoak eserita eta elkar hartuta zeuden, eta arrastaka atera dituzte banan-banan, Oñatiko lekukoak kontatutakoaren arabera, eta atxilotuta eraman dituztenetako bat, gutxienez, "odoletan" eraman dutela ere gaineratu du.

Oñatira itzulita, triste sentitzen direla azaldu digu, "herria kontziente den arren, estatuak ez duelako etsitzen". "Frustrazioa eta pena ditugu", kontatu digu.

06:30etik 10:00etara

Berriak argitaratutako informazioaren arabera, Ertzaintzaren 30 furgoneta eraman dituzte Ondarroara, gutxienez. 06:30 aldera iritsi dira poliziak Aske Gunera, eta 08:00 inguruan hasi dira jendea ateratzen. 10:00 aldera hartu dute atxilo Alkorta, polizia operazioa hasi eta ia lau ordura. Beste bi lagun atxilotu, eta zortzi identifikatu dituzte. Aske Guneak salatu du zauritu ugari daudela; eta Segurtasun Sailak dio hamahiru ertzain arin zauritu direla. 

Bost urteko espetxe zigorra

Auzitegi Gorenak bost urteko espetxe zigorra ezarri zion Urtza Alkortari, ETAren talde bati laguntzea egotzita. Nolanahi ere, bere aurkako froga bakarra "torturen bidez" lortutako aitorpen bat dela salatu du gazteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak