Joseba Larrinaga 'Mardo'-ri omenaldia domekan

Joseba Larrinaga 'Mardo' gogora ekartzeko eta errepideetan ziklistek bizi duten egoera arriskutsua salatzeko, omenaldia egingo diote igandean ibarreko txirrindulari elkarteek eta lagunek.

Omenaldi oroigarri eta aldarrikatzailea egingo diote Larrinagari. Ekimena antolatzen jardundako eta babesa erakutsitako ibarreko txirrindulari elkarte eta kirol elkarte gehienak batu dira, besteak beste, Dorletako Ama Txirrindularitza Eskola, Lokatza Ziklismo Eskola, Eskoriatzako Txirrindulari Elkartea, Aloña Mendi Txirrindulari Elkartea, Aretxabaletako lagunak, Athlon kirol eta zerbitzu kooperatiba eta Goiena Komunikazio Taldea. Guzti hauez gain, Euskadiko txirrindularitza federazioak ere Mardori omenaldia babestuko du, ekitaldiak ahalik eta oihartzunik handiena izan dezan.

Martxa zikloturista

Omenaldiari hasiera emateko, martxa zikloturista bat egingo dute eta deialdia txirrindulari guztiei zabaldu nahi izan diete. Martxa hori Aretxabaletako plazatik abiatuko da domekan, 10:00etan. Bertatik Eskoriatzara joango dira herriko kale nagusietatik, ostean Arrasatera joango dira eta handik Aramaioraino egingo dute. Bertan egingo dute geldialdia.

Omenaldia

Istripua gertatu zen tokian, minutu bateko isilunea egin ondoren, komunikatu bat irakurriko dute, Larrinagak ikur bezala eraman zuen errespetua aldarrikatuz. Ostean, Aramaioko saihesbidean bertan, bizikleta bat jarriko dute oroigarri bezala eta Aretxabaletako plazara joango dira bueltan omenaldia bertan amaitzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.