Aterkia itxi nahi eta ezin

Goiatz Arana Begiristain 2013ko mai. 15a, 11:23

Aurreikuspenak betez, eguraldiak okerrera egin zuen atzo, martitzena, arratsaldean; tenperaturak nabarmen jaitsi eta euria botatzeari ekin zion. Bada, itxura guztien arabera, ildo horretatik jarraituko du datozen egunetan.

Euria, tenperatura freskoak eta ipar-mendebaldeko haizea. Ezaugarri horiekin esnatu da eguaztena eta aldatzeko itxura handirik ez dauka, Euskalmeten iragarpenaren arabera.

Gaur, eguaztena:

Zerua lainotuta egongo da eguneko lehen orduetan, baina apurka-apurka, goizean bertan, aterruneak luzeagoak izango dira, eta arratsaldeak aurrera egin ahala hodeien artean ostarte batzuk zabalduko dira. Termometroak atzo baino balio askoz baxuagoetan geldituko dira, eta beroenak 11-13 gradu artean ibiliko dira. Gainera, ipar-mendebaldeko haizeak zakar joko du, tarteka.

Bihar, eguena:

Bihar euria egingo du berriz ere, batez ere egunaren bigarren partean, trumoi-ekaitza botatzeko arriskua egongo da. Egunean zehar tenperatura apur bat igo badaiteke ere, gauerako jaitsi egingo da. 

Etzi, egubakoitza:

Zerua lainotuta egongo da eta euria egiteko arriskua handiagoa izango da, eguneko ordurik gehienetan euripean izango gara. Haizea norabide aldakorrarekin ibiliko da: goizean hego-mendebaldetik eta arratsaldean iparraldetik. Tenperatura ez da asko aldatuko eta, ondorioz, beroenek ez dute 15 gradutik gora egingo, hori bai, gaueko tenperatura altuagoa izango da.

Asteburua

Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, eguraldiak ildo beretik jarraituko du zapatu eta domekan ere: eguzkia irten nahi eta ezinean ibiliko da, eta giro bustia izango da nagusi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak