Hiru herritako 210 familia auzo-konposta egiten dabiltza

Leire Kortabarria 2013ko mai. 15a, 02:00

Oraingo astean eman du Debagoieneko auzo-konpostajeak bere lehenengo emaitza, izan ere, Bergaran martxan dagoen auzo-konpostaje gunetik atera dute lehenengo konposta. Joan den eguaztenean hustu zituzten Labegaraietako auzo-konpostaje guneko konpost-gailuak, eta auzotarren ortuan ongarri gisa erabili zuten segidan handik ateratakoa. Urtarrilean hasi ziren auzotarrak gune horretara hondakin organikoa eroaten. 12 familiaren artean egin dute konpost hori.

Eskoriatzan ere urtarrilean, hilaren 9an jarri zen martxan auzo-konpostaje gunea, Dorleta auzoan, hain zuzen ere; 31 familiak erabiltzen dute. Geroago, apirilaren 30ean, inauguratu zituen Oñatik bere lau lehenengo auzo-konpostaje guneak, Zubibarrikoa, Bidebarrietakoa, Ugarkaldekoa eta San Lorentzokoa; hurrenez hurren, 40, 36, 34 eta 47 familia daude horiek erabiltzeko izena emanda. Beraz, oraingoz 210 familia dabiltza Debagoieneko hiru herri horietan auzo-konposta egiten.

Potea, etxe barruan 

Labegaraietako auzotarrak pozik daude emaitza horrekin eta baita, orokorrean, auzo-konposta egiteko esperientziarekin: "Hasieran ez genekien zelan funtzionatuko zuen. Ikastaroa eman ziguten eta poliki-poliki bakoitza bere kubotxoarekin etortzen hasi zen", esaten du Iñaki Muxika auzotarrak. "Hasieran zalantzan geneuzkan… ea ondo egiten genbiltzan… organikoa bistan geratzen zela, eltxoak zetozela… baina Udalarekin eta teknikariekin berba egin eta zalantzak erantzuten dizkigute", gaineratzen du.

Muxikak dioenez, konposta egitearen inguruan "gauza asko entzuten da: eltxoak eta arratoiak ibiltzen direla…" Baina Labegaraietako gunean auzotarrek ez dute halakorik ikusi.

Beste uste bat  hauxe da: zabor organikoak usaina botatzen duela. Muxikaren esanetan, organikorako kuboa "etxean edo balkoian" uzten dute eta, etxe barruan izaten dutenetan, "ez du usainik sortzen". 

Bota, eragin eta estali 

Hondakin organikoa traba egiten edo usaina botatzen hasten bada, kuboa konpostaje gunera eroan eta han hustu besterik ez dago. Izan ere, gaikako bilketan (atez atekoa) ez bezala, auzo-konpostaje sistemarekin edozein momentutan hustu daiteke hondakin organikoaren ontzia. Bizilagun bakoitzak konpostaje guneko giltza dauka eta nahi duenean joan daiteke. Iñaki Muxikak dio "astean behin edo bi aldiz" joaten direla etxekoak. Normalean, hala izaten da.

Debagoieneko auzo-konpostaje gune guztiak oso antzekoak dira: hesiz inguratutako guneak, leku berdeetan –konposta egiteko hala behar delako– eta etxebizitzetatik aparte samar, trabarik ez egiteko bizilagunei. Barruan, hainbat arkoi edo kutxa daude; batetik, konpost-gailuak eurak; eta, bestetik, tresna batzuk eta lehorkina (txirbila eta adar txikituak) gordetzeko kutxak. Auzo-konposta egiteko, familia bakoitzak berari dagokion arkoian botatzen du hondakin organikoa eta eragin egiten dio, organiko berria eta zaharra, dena homogeneizatzeko. Gero, ondo estaltzen da dena lehorkinarekin. 

Bergaran, Labegaraietako gunean, konpost-gailu txikiak eta handiak izan dituzte. Erabiltzaileek txikietan botatzen zuten hondakin organikoa, eta, haiek bete ahala, handira pasatzen zuten. Joan den astean konpost-gailu handia hustu zuten. Orain, konpost-gailu handi berriak ipini dizkiete. Oñatin, aldiz, konpost-gailu handiak ipini dizkiete zuzenean hantxe egiteko konposta. Dena dela, herri gehienen kasuan, lehenengo hilabete hauek proba hilabeteak dira, erabiltzaileek eta arduradunek eurek ere sistema ikasteko eta arazoak konpontzeko.

60 gradutik behera 

Bergarako lorezainen arduraduna da Arkaitz Tolosa udal langilea. Berak azaltzen digu nola egiten den konposta: "Erabiltzaileek, lehenengo, kutxa batera botatzen dute organikoa, eta deskonposaketa-fasea hor egiten da. Gero hortik konpost-gailu handiagora pasatzen dute, bertan heltze-fasea egiteko".

Hainbat fase daude. Lehenengo fasean, hondakinak 60ºC inguru hartzen ditu, deskonposatzen hasi ahala. Bigarren fase baten, mikro-organismoak sartzen dira, konpost bihurtzen hasten da eta 40ºC ingurura jaisten da tenperatura. Pixkana-pixkana hondakina konpost bihurtzen joaten da eta tenperatura jaisten doa; azkenean, hotza dago, usainik gabe: konposta da. Arkaitz Tolosak dioenez, konpost hori "leku askotan" erabiliko dute: "baratzetan, lore-potoetan, herriko lorategietan… Izan ere, konposta oso elikagai ona da".

Arrasaten, obrak hastear

Gainerako herrietan ere auzo-konpostaje guneak egiteko edo martxan jartzeko asmo zehatzak daude. Aretxabaletan, Txarapean dute gunea egokituta, eta hamabost egun barru-edo ipiniko ditu Udalak konpost-gailuak. Proba pilotua egingo dute han 52 familiak.

Arrasaten, hiru lekutan egingo dute konposta auzotarrek: Uribe auzoan, Laubide plazan eta Nafarroa etorbidean. 100 familiak eman dute izena, eta derrigorrezkoa den ikastaroa eginda daukate. Laubide plazakoa egingo dute lehenengo, eta oraingo astean hasi nahi dituzte lanak, ekainerako martxan ipintzeko asmoarekin.

Bergaran, gune gehiago ipiniko dituzte; hurrengoa Ibargaraikoa izango da. Gero, Osintxun, Espoloian, Bolun eta, hortik aurrera, izena ematen duen jendea nongoa den arabera. Ibargarain obrak hasita daudela esan du Arianne Kareaga zinegotziak. 28 familia daude izena emanda. Osintxun ere "jende askok" eman duela izena esan du Kareagak. Denetara, Bergaran 130 familia daude auzo-konposta egitera konprometituta.

Eskoriatzan, zaharren egoitza inguruan martxan ipini zuten bigarren gune bat, eta arazo batzuk konpondu eta gero laster irekiko dute berriro. Saioa Altzua udal arduradunak dioskunez, aurten beste bi gune ipiniko dituzte, segun eta nongo herritarrak apuntatzen diren. 

Oñatin, beste bi gune izango dira; denetara, sei.

Leintz Gatzagan, Udala egunotan dabil herritarrei galdetzen zer gurago duten, auzo-konpostajea edo norberak etxean bere konpost-gailua izatea. Auzo-konpostaje gune bat izango dute eta obrak maiatz bukaeran hasiko dituzte; San Juanetarako gertu izan gura dute.

Edozeinek egin dezake 

Auzo-konpostaje programen atzean dagoen helburua azaltzen du Bergarako udal arduradun Arianne Kareagak: "Hondakin organikoa birziklatze ziklotik atera nahi dugu. Izan ere, arazo handiena sortzen duena hondakin organikoa da. Herrian bertan berau kudeatzeko gai bagara, ziklotik ateratzeko birziklatze-zikloaren mesederako, hobeto". Orain arte –eta gaur egun ere– norberak etxean konposta egiteko konpost-gailuak banatzen dituzte, baina sistema berriak erakusten du konposta edozeinek egin dezakeela.

Auzo-konposta egiteko lekuak egokitzea zen udalen beste erronka. Kareagaren iritziz, "txoko txukunak egin daitezke. Berdeguneak behar dira, baina inoiz ez litzaiguke bururatuko parkeetan halako gune bat ipintzea. Baina badaude herrian horretarako txoko aproposak".

-----------------

Jota Arrieta eta Maje Umerez (eskoriatzarrak): "Pote txiki eta arina dugu organikorako, eta astean bizpahiru aldiz husten dugu"

Jotak, Majek eta bi seme-alabek urtarriletik erabiltzen dute Dorleta auzoko konpost-gunea.

Zer dela eta apuntatu zineten?

Jota Arrieta: Konbentzituta gaudelako hondakinak arazoa direla eta neurriren bat hartu behar genuela. Aldez aurretik iritzi asko izaten ditugu: hau gaitza izango da, arazoak emango ditu… baina, probatu arte, ezin da jakin. 

Nola antolatu zarete etxean?

J.A.: Hasieran uste genuen leku handia beharko genuela; gure etxea ez da handia eta balkoirik ez daukagu; baina erraza da. Errefuserako, pote txiki batekin nahikoa da. Organikoa aldiro-aldiro ateratzen dugu. Pote txiki eta eramangarria dugu, pisu txikia hartzen duena. Astean bi edo hiru aldiz husten dugu.

Maje Umerez: Martitzenetan, lagun baten otar ekologikoa jasotzen dugu eta egun horretan bete egiten da potea; orduan, hurrengo goizean ateratzen dugu. Arazoa izan zen arraska azpian ez genuela leku gehiagorik, eta han genuen kubo handia kendu eta bi txiki ipini genituen.

Organikoa da "zabor-poltsaren" zati handiena?

J.A.: Plastikoak bulto handia hartzen du, baina ez du sentsazio hori ematen. Bolumen eta pisu handiena organikoak dauka, bai.

Usainak, eltxoak… izan duzue aparteko arazorik?

M.U.: Ez du usainik egiten. Egindako janari askorik ez dugu botatzen; normalean, barazkiak-eta. Eltxoak, bai, egiten dira konpost-gailuan. Tapa kentzerakoan apur bat alderatzea komeni da, eta gero, organikoa botatzea. Ez da gustukoa, baina ez dute heltzen. Goizean, ordu freskoetan gutxiago daude; egun bero baten, arratsaldean joaten bazara, gehiago izango dituzu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak