Europako lana, erdi mailako tituludunendako

Leire Kortabarria 2013ko mai. 14a, 13:13

Debagoieneko Lanbide Heziketaren laugarren azoka, Goiaz!, egin dute eguaztenean eta eguenean, eta bistan geratu da jendartearen beharrekin eta eskaerekin batera, Lanbide Heziketa zentroen helburuak ere aldatzen joan direla: lehenengo azokaren helburua Batxilergoko eta DBHko ikasleak erakartzea bazen, orain Lanbide Heziketaren eskaintza jende guztiari zabaltzea da. Aurten ere hala izan da.

MUko Goi Eskola Politeknikoko Gorka Aretxagaren esanetan, "Lanbide Heziketa denondako da, eta gaur egun, are gehiago". Horregatik, goi mailako ikasketak aukeratu behar dituzten gazteez gain, heldu asko joan dira azokara aurten, Lanbide Heziketak erakartzen duen jende mota guztien erakusgarri. Hala, langileak, langabeak eta seme-alabak ondo aholkatu gura dituzten gurasoak ere ibili dira Goiaz! azokan.

Lanbide Heziketako zentroen eta Debagoieneko Mankomunitatearen helburua honakoa da: ikasketa horiei prestigioa ematea eta langabeziatik irteteko edo lanpostu hobea lortzeko aukerak handitu ditzaketela. Gorka Aretxagaren hitzetan, "Lanbide Heziketako ikasketek, industrian eta zerbitzuetan, prestigio handia dute, eta ingeniariek eta teknikariek elkarlan estua dute. Alemanian, adibidez, oso harro daude euren Lanbide Heziketako teknikariez".

EAE ez dator bat Europarekin 

Datuak eskuan hartuta, ematen du Lanbide Heziketako ikasketek lanerako aukera onak emango dituztela Europa osoan. Garapen Agentziako Amaia Irizarrek emandako datuen arabera, lana duen jendearen prestakuntza maila desberdina da Europan, Euskadin eta Espainian: Euskadin, 2010ean, langileen % 51k goi mailako titulua zuten; % 27,5ek, oinarrizko prestakuntza maila; eta bakarrik % 21,5ek zuen erdi mailako tituluren bat; 27en Europan, aldiz, lanean zegoen jendearen ia erdiek (% 48,9k, hain zuzen ere) erdi mailako tituluren bat zuten, eta % 27,8k, goi mailakoa. Hori bat dator 2020. urterako egin diren aurreikuspenekin: urte horretan, Europako Batasuneko lanpostuen % 50 erdi mailako kualifikaziodun langileendako izango direla kalkulatzen da; % 35, goi mailako kualifikaziodunendako; eta bakarrik % 15, kualifikazio txikia dutenendako. Hau da: EAEn nahi baino erdi mailako tituludun gutxiago dago. 

Jakintza praktikoa 

Irizarren hitzetan, "gazteak prestatuta etorri arren, ez dira nahikoak izango lan horri erantzuteko; beraz, gaur egungo langileak ere formatu egin beharko dira lanpostu horiek bete ahal izateko". Garapen Agentziaren iritziz, "interesgarria izango litzateke gaur egun kualifikazio-maila baxua duen jendea Lanbide Heziketako Erdi Mailako ziklo batera bideratzea". Gero, hortik abiatuta, Goi Mailako Heziketa Zikloren bat egin dezakete, edo beste titulazio bat ikasi… 

Beste aukera bat ere badago, Lanbide Heziketaren Sistema Integratua delakoaren eskutik, eta horren berri eman zuten Goiaz! azokan ere. Hain zuzen, sistema horrek aukera emango die, lanbide bat jakin baina titulurik ez dutenei, hura lortzeko.

Gorka Aretxagak erakusten du Lanbide Heziketako ikasketak Unibertsitatekoen parekoak direla: "Jende askok, bere izaerarengatik edo trebezia motengatik, ez ditu gustuko ikasketa teorikoak; eginez ikasi gura izaten dute eta formazio mota praktikoarekin sentitzen dira eroso".

"Konfiantza ematen du"

Gaur egungo krisi egoeran ere, Lanbide Heziketa gomendatzen du Roberto Lozano bergararrak. Berak orain 10 bat urte egin zituen Lanbide Heziketako lehenengo ikasketak, Mekanizatu arloan, eta 10 urtean lanean ibili ondoren, goi mailako zikloko Gizarte Integrazio ikasketak egin zituen. 

Berak orain 10 urte topatu zuen egoera eta gaur egungoa oso desberdinak izan arren, Lozanok Lanbide Heziketa gomendatzen du: "Nire ustez, enpresek badute Lanbide Heziketako tituludunen eskaera. Lanbide Heziketak oso ondo prestatzen ditu pertsonak lanerako, eta oso praktikoak dira; lanean hasten zaren lehenengo egunean badakizkizu, gutxi gorabehera, lanaren nondik norakoak". Berari, Lanbide Heziketak "lanean jarduteko erremintak eta ezagutzak" eman dizkio, eta ikasi zuena laneko errealitatearekin bat zetorrela konturatu zen lanean hasi zenean.

Imanol Gonzalezek Lanbide Heziketako Diseinu ikasketak aukeratu zituen: "Hemen eta kanpoan, prestakuntza teknikoa duten gero eta jende gehiago eskatzen zutela ikusi nuen. Gero, gaur egungo egoera ikusita, ikasten jarraitzea eta gradua egitea erabaki dut".

Gonzalezek Robotek izeneko talde baten parte hartu du eta robota egin du talde horrek. Europako txapelketa irabazi zuten eta AEBetako txapelketan leku onean geratu ziren. Lanbide Heziketan ikasi zutena erabili behar izan zuten robota egiteko.

Orain, praktikak egiten hasi da Gonzalez: "Konturatu naiz Lanbide Heziketan, diseinuan, diseinatzen dugun makina ezagutzen dugula; eta graduan formatzen dituzten ingeniariek ez dutela horrelako ezagutza".

Gonzalezek jendea animatzen du Lanbide Heziketa egitera: "Egiten ditugun gauzak oso ondo ezagutzen ikasten dugulako; adibidez, bizikleta bat konpondu behar baduzu, bere mekanika jakiteak konfiantza ematen dizu".

-----------------

"Gure 'on-line' irudia indartu daiteke"

Internet ez da lana topatzeko tresna magikoa, baina erabilgarria izan daiteke eta norberak bere alde izatea komeni da. Mezu hori bidali zuten Mondragon Goi Eskola Politeknikoko irakasleek Goiaz azokako hitzaldi baten.

Miguel Fernandez Arrieta irakasle eta ikertzailearen esanetan, "lanpostua bete nahi duenak, gure curriculuma irakurtzeaz gain, Google-n gure gaineko informazioa bilatuko du, seguruenik, eta norberak duen irudia zaintzea komeni da". Horretarako gomendioak ematen ditu; lehenengo, norberak bere burua bilatzea Google-n, baina larritu gabe, izan ere, "normalean ez da ezer arrarorik agertzen". 

Behin hori eginda, "norberaren on-line irudia indartzeko moduak daude", Fernandezek dioenez. Hauek dira ikasleei ematen dien gomendio batzuk: norberak bere buruaren gaineko aurkezpen-bideoa grabatzea eta Youtuben ipintzea; edo, idaztea gustatzen bazaio eta gai jakin batean zer esateko badauka, bloga egitea; edo LinkedIn sare sozial profesionalean profila eta curriculuma izatea. Ez da beharrezkoa hori dena egitea, kasu bakoitza desberdina da; baina bai "enpresa batek gure gaineko informazioa bilatzen duenerako, Interneten dugun presentzia hobetzea". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak